Urtarrileko azken asteartea gaur, ohi bezala, osoko ohiko bilkura burutuko da, gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Bost puntu ditu udal ordezkariek jorratuko duten gai zerrendak. Akta onarpenekin eta alkatetzako zenbait dekretuen berri ematearekin batera, nabarmentzeko beste hiru gai ere ahotan hartuko ditu udalbatzak.
Herri bideen inbentarioa batetik, inbentario hau eguneratzea proposatuko du gobernu taldeak, astearte honetako osoko bilkuran. Bestalde, Kirol Patronatua desegin eta sail hau Udal egituran txertatua uzteko pauso berri bat eman liteke gaur. Ezustekorik ez bada, Kirol Batzorde informatzailea osatuko baita.
"Usurbil Fracking-aren aurkako herri izendatzeko mozioa aurkeztuko da"
Azkenik, eta mozioen atalari dagokionean, testu bat erregistratu da gaurko plenoan aztertzeko. "Fracking"ari, apurketa hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenak eteteari buruzkoa hain zuzen. Gai zerrendako puntu honi lotuta, Itaya Gazte Asanbladatik gaurko osoko bilkurara agertzeko gonbita luzatu dute, web orrialde honetara helarazi duten mezu bidez. 18:00etan hasiko da osoko bilkura, baina ordu laurden lehenago, 17:45etan jarri dute hitzordua Mikel Laboa plazan. Bertan biltzen direnak gero, udalbatza aretora igoko dira. "Usurbil Fracking-aren aurkako herri izendatzeko mozioa aurkeztuko da eta bertara azaltzeko deia egiten zaie interesatu guztiei", adierazi dute Itayatik. Bide batez gogorarazi dutenez, ostiral honetan, "Ucin-en kutsadura salatzeko asmoz kontzentrazioa egingo da Mikel Laboa plazan 20:00etan hasita".
Hona hemen, udal ordezkariek gaurkoan eztabaidatu eta bozkatuko duten gai zerrenda:
1-Aurreko bilkurako aktaren onespena:
-2012/12/20ko bilkurako akta.
-2013/01/09ko bilkurako akta.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea:
2012ko abenduaren 15etik abenduaren 28ra (2012/1087-2012/1134); 2013ko urtarrilaren 2tik urtarrilaren 24ra (2013/0001-2013/0105).
3-Usurbilgo Herri bideen inbentarioa (2012ko abendua) eguneratzea.
4-Kirol Batzorde Informatzailearen izena eta osaketa onartzea.
5-Galderak, eskaerak eta mozioak:
5.1.- Apurketa hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenak eteteari buruzko mozioa.