Udala, herriko emakumeak ageri diren argazki bila

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 29a, 00:00

Martxoaren 8aren bueltan ireki asmo duten erakusketa baterako, herriko emakumeak ageri diren argazki zaharren bila dabil Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila. “Azken mendean herriko emakumeen argazkiak erakutsi nahi dira herriari irekiko zaion erakusketa baten bidez”, Udaletik berri eman dutenez, eta honenbestez, emakumeak protagonista dituen koloretako nahiz txuri beltzeko erretratuak behar dituzte. “Usurbilgo emakumeak lanean, dantzan, festa giroan, eskolan… ageri direnak”, zehaztu dute. Argazkirik utzi nahi duenak, erretratua Udalera helarazteko bi bide ditu; batetik, parekidetasuna@usurbil.net helbidera email bat idatzita. Edo bestela, argazkia udaletxera bertara eramanda. “Guk eskaneatuko genuke argazkia eta bueltan emango genizuke egunean bertan”, adierazi dute udaletxetik.