25 urte beteko ditu, Udarregi Ikastolako inauterietako ikuskizunak

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 29a, 00:00

Udarregi Ikastolako ikasleek otsailaren 8an ospatuko dute mozorro festa. Lehenbizi "Martxa" dantzatuz herriko kaleetan. 10:00ak aldera hasiko da desfilea. Kalejiran irtengo dira ikasleak. Hamaiketarako Oiardo Kiroldegian bueltan izango dira guztiak, inauterietako urteroko ikuskizun arrakastatsua eskaintzeko.

Ohi bezala, emanaldia Haur Hezkuntzako ikasleekin hasiko da. Koloretako kukurutxo formako kapelekin eta zakuak jantzita dituztela irtengo dira Oiardo Kiroldegiko eskubaloi pistara. Jarraian, Lehen Hezkuntzakoen txanda izango da. Aurtengoan, mozorrotu eta dantzatzeko zirkoa hautatu dute gai gisa. Zirko festa ikusgarri eta originalena astebete barru ezagutzeko aukera izango dela iragarri dute Udarregitik. Eta azkenik, helduenen txanda, DBHkoena. Zinea eta filmei loturiko koreografia landu bezain ikusgarriak plazaratuko dituzte. 

Udarregi Ikastolak inauterietarako antolatu ohi duen hitzordu hau zorioneko dago. 25 urte bete baitira ikuskizunok prestatu eta plazaratzen hasi zirenetik. 

Inauteri Festarako sarrerak salgai
Gogoan izan, Udarregi Ikastolakoen mozorro jaiaren biharamunean, otsailaren 9an ospatuko dela Usurbilgo Inauteri Festa. Aurtengoan janzteko gaia, musika dugu. Afariaren ordez, bazkari bat antolatu da datorren hileko bigarren larunbaterako, Olarrondo jatetxean. Sarrerak 18 eurotan salgai daude NOAUA!ko egoitzan, Irratin eta Txiribogan.