Kirol Patronatua desegina utzi eta sail hau udal egituran txertatzeko pauso berri bat eman zuten udal ordezkariek, atzo burutu zen urtarrileko osoko ohiko bilkuran. Udalak, beste hainbat sailetan bezala, kirol arloan ere batzorde informatzaile bat izango du aurrerantzean. Batzorde informatzaile honetan, udal ordezkariek eta Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten ordezkariek parte hartuko dute. Hau da, “ikastetxeen ordezkariak, Kiroldegiko erabiltzaileen ordezkariak eta herriko kirol elkarteen ordezkariak”.
2013rako udal aurrekontuak onartu eta erabakia Gipuzkoako Aldizkaria Ofizialean argitaratu ostean, batzorde informatzaile berri hau deitu eta osatu ahal izango da. Lanak aurreratzen joateko ordea, udal aurrekontuak behin betiko onartu arte itxaron beharrean, Mertxe Aizpurua alkateak adierazi zuenez, gobernu taldeak gai hau atzoko osoko bilkurara eramatea erabaki zuen. Batzorde informatzaile berri honen osatzea ere plenoz onartu beharra baitago. Onarpen hau, hurrengo osoko bilkura baterako utzi beharrean atzo aho bateko babesa eman zion udalbatza osoak batzorde informatzaile berri honen osaerari.
Kirol zerbitzua, Udalaren esku baita aurrerantzean
Batzorde informatzaile berri honen osaerarekin batera, kirol zerbitzua Patronatutik udal egiturara pasatzeko azken aldian beste zenbait pauso eman dira. Horien artean dira, Kirol Patronatua bera desegitea onartu izana, edota orain arte patronatu barruan lanean zihardutenak aurrerantzean udal plantillan integratzeko udalbatzak hartutako erabakiak.
Kirol Patronatua desegin, eta kirol zerbitzua udal egituran txertatzeak hain zuzen, besteak beste, honakoa suposatuko du:
-Erakundea bera desegitea eta estatutuak indargabetzea.
-Kirol Patronatua desegiten den unean, udal kirol zerbitzua Udalak bere gain hartzea.
-Udal batzorde informatzaile berri bat eratzea: kirol alorrekoa. Eta bertan, "egun Zuzendaritza Batzordea osatzen duten ordezkarien (ikastetxeen ordezkaria, kiroldegiko erabiltzaileen ordezkaria eta herriko kirol elkarteen ordezkaria) parte hartzea bermatzea".
-Kirol Patronatua desegiten den datan zintzilik geratzen diren eskubide eta betebeharren kargu egitea Udala. Eskubide eta betebeharrak kobratu eta ordaintzeko udal aurrekontuan txertatzea.
-Kirol Patronatuari atxikitako Usurbilgo Udaleko ondasunak desatxikitzea.
-Kirol Patronatuaren banku kontuen ezeztatze eta ixtea eta saldoak Usurbilgo Udalaren titularitatedun kontu operatiboetara igarotzea.
-2013ko ekitaldira begira, eta aurrekontuei dagokienez, Alkatetzak egoera berria kontuan hartzea.
-Kirol Patronatuari atxikitako langileak udal langileak izatea, lanbide kategoria, ordainsari maila, lan baldintza, antzinatasun eta abarren aitorpen espezifikoarekin. Langileon plaza eta lanpostuak Udalaren lanpostuen zerrendara batzea.
-Kirol Patronatuan deklaratutako datu-fitxategien titularitatea Usurbilgo Udalari subrogatzea.
Batzorde informatzaileak
Udal hauteskundeak ospatu eta aste gutxira, 2011ko ekainean osatu zen udalbatza berria. Eta hilabete amaieran burutu zen lehen osoko ohiko bilkuran, besteak beste, udal batzorde informatzaileak osatu ziren. Zortzi guztira, garai hartan:
-Nekazaritza eta Ingurumena.
-Hezkuntza, Parekidetasuna eta Garapena.
-Kultura, Euskara eta Gazteria.
-Pertsonala, Hirigintza eta Zerbitzuak.
-Ogasuna eta Kontuen Batzorde Berezia.
-Osasun eta Gizarte Zerbitzuak.
-Herritarren Parte Hartzea.