Joan den larunbatean Potxoenean burutu zen hirugarren eta azken batzarrarekin amaitu da Usurbilen, Sortu eratzeko prozesua.
Usurbileginez.com web orrialdetik berri eman dutenez, "Oinarri Ideologiko berriak eta Ildo Politiko berria finkatu ondoren, hirugarren eta azken eztabaida burutu zuen Sortuk pasa den larunbat honetan. Antolaketa Eredua eta funtzionamendu berriaz eztabaidatu dute milaka lagun Hego Euskal Herriko ehunka herri eta auzotan. Larunbatekoa Sortzaile prozesuko hirugarren eta azken eztabaida izan zen. Hainbat usurbildarrok parte hartu genuen Artzabalen burutu zen eztabaida batzarrean.
Sorturen erronka, antolaketa eredua eta funtzionamendua berritzea da, eraikuntza nazional eta eraldaketa sozialean aurrera egin ahal izateko. Ildo horretan, Sorturen egiturak zabaltzearen aldeko apustu argia da, euskal gizartearen baitan dauden borroka sozio politiko erreal nagusietan murgilduta dauden Ezker Abertzaleko militanteen presentzia zuzena bermatzea da.
Bestetik, borroka sozio politiko erreal horien inguruan politika alternatiboa lantzeko, Sortuk egin dezakeen Borroka Instituzionalaz gain, Masa Borrokari eta Borroka Ideologikoari garrantzia berezia emango zaio, besteak beste, Ezkerretik Eraikiz izeneko egitasmoari zentralitate politiko handiagoa emanez.
Hori guztia bideratzeko, eskualdeei lehentasuna emango zaie, denon bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita maila guztietan. Horretarako Kontseilu Nazionala eta Hego Euskal Herriko eskualde guztien arteko lotura zuzena bermatuko funtzionamenduan oinarrituko da. Era berean, herri eta auzo guztiak ordezkatuak egongo diren Batzar Nazionalak indartu eta gune erabakitzaile bihurtuko dira, maiztasun handiagoz burutuko direlarik".
Kongresu bidez, otsailaren 23an eratuko da Sortu.
Irudia: usurbileginez.com