Usurbil, "Frackingetik aske dagoen udalerri"

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 30a, 00:00

Itaya Gazte Asanbladak, Fracking Ez Araba Plataformarekin batera aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatu zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. "Fracking" edo apurketa hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenen eteteari buruzko testua hain zuzen. Udalari, udalerri hau "barne hartuko lukeen inongo Ikerketa Baimenik ez ematea" eskatzen du mozioak. Eta horrekin batera, Usurbil “Frackingetik aske dagoen Udalerri” izendatzea eta udalerri sarreran, "Fracking ez" dioen kartela jartzea. 

Balorazioak
Udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen Itayak aurkezturiko testua. Mozioaren alde bozkatu zuten Bildu, Aralar eta EAJ-PNV-k. "Fracking" delakoaren aurka egiteko beharra nabarmendu zuen gobernu taldetik Jose Maria Rivadeneyra ingurumen alorreko zinegotziak. Hemen halakorik gertatuko balitz, ustiapen horretako etekina kanpora joango dela, "ez dela bertan geratuko" ohartaraziz. "Usurbil beti galtzaile" aterako litzatekeela zioen. 

Aralarretik ere fracking-aren aurka mintzatu zen Joxe Ramon Furundarena bozeramailea. "Ados gaude kalteak eragiten dituela", zioen. Aldiz, zalantzakor agertu zen udalerri sarreran seinale bat jartzearen inguruan. Horren aurrean, Mertxe Aizpurua alkateak, mozioko gainerako edukiarekin bezala, seinalea jartzearekin ere gobernu taldeak bat egiten zuela adierazi zuen. Bere esanetan, udalerri sarreran halakorik jartzea "sentsibilizatzeko modu bat da". Udaletxe barruan onarturiko testua, "lau hormen artean" geratu ordez, ikusgarri egiteko modu bat.

PSE-EE eta Hamaikabatek abstentziora jo zuten. Luis Mari Ormaetxeak euren bozka mozioak jasotzen duen teknikari lotuta ez zutela emango iragarri zuen. Mahai gainean, bere ikuspegitik gai honen azpian dagoena jarri nahi izan zuen. "Ez ditugu behar energetikoak gure kabuz sortzen", kanpotik ekarri beharra dagoela gogorarazi zuen. "Gogoeta horren ondorio bezala gustatuko litzaiguke gure bozka ulertzea", adierazi zuen. 

Ildo beretik, udal eraikinak ere energetikoki "autosufizienteak" ez direla gogorarazi zuen, azken aldian eraiki diren udal eraikin berrietarako aipatu "bariable" hau ez zela bere garaian kontuan hartu. Horregatik, gai honetan sakontzea eskatu zuen.


"Etorkizunean Euskal Herri osora zabaldu daiteke Fracking-aren praktika Usurbil ere herri kaltetuen barruan izanik"
Atzo gehiengo osoz onarturiko mozioa hemen, bere osotasunean:

Euskal Herrian hidrokarburoak bilatzeko saiakera anitz egon izan dira. Gure lurraldeak eta hidrokarburoak aurkitu izan diren beste batzuekin dituen antzekotasunak direla eta, petrolio-konpainientzat desiragarri bilakatu dute Euskal Herria. Emaitza ezberdinak egonda kasuan kasu, urte askotan zehar egon diren hamarnaka saiakerek arrakasta eskasa izan dute.

Hala ere, gasa metodo berrien bidez bilatzeko munduan zehar dagoen bolada berri baten ondorioz, berriz ere gure lurraldea lehentasunezko eremua da. Ezberdintasuna, kasu honetan, zulaketa horizontala eta etapa anitzen bidezko apurketa hidraulikoaren arteko konbinazioan datza, beste leku askotan ez ohiko gasaren ustiatzea ustez egingarri bilakatu dutena.

Eusko Jaurlaritzak sistema honen aldeko apustua egiten du, horren froga nabariena, SHESA, %100ean diru publikoko enpresak, gure lurraldean eman diren hidrokarburoen ikerketa baimenen bultzatzailea izatea da. Ez da interesa duen enpresa bakarra, baina bai bere baimenekin lurralde eremu handiena hartzen duena.

Programa hau 2005ean hasi zen, hainbat baimenen eskaerarekin, horietako lehena 2006an eman zelarik. Enara bezala deitutako baimena ezagunena bada ere, 2012ko otsailean Arabako lurraldean emandako bederatzi baimen daude, bai eta eskatuta eta emateko tramitean dauden beste hiru ere, Laudion eragina duen SAIAren kasuan bezala. Baimen guzti hauen lurraldeen batuketa Arabako udalerri ia guztien gainean eragina uzten du.

Egungo egoera putzu askoren ustiatze baimena jada eskatu dela da eta horietako batzuk, Gasteizko Udalerriko Subilanan dagoen Enara-1 kasu, udal lizentzia baino ez zaio falta zulatzen hasteko.

Plan hauen beste aldean, Fracking bidez ezagutzen diren teknika hauek hainbat ikuspegitik oso erantzunak izaten ari direla ikusten dugu. Orain arte teknika hauek erabili diren zonaldetan hainbat arazo sortu dira, esate baterako, edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, inguruaren okupazio altua eta honen hondatzea edota putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak.

Bultzatzen duten enpresek eragina jasandakoei indemnizazioak banatu dizkiete, arau-hausteak direla eta isunak ordaindu edota zisternen bidez ura kutsatu duten zonaldetara ur edangarria eraman.

Hainbat dokumentuk kezka guzti hauek bermatzen dituzte, Osasunean eta Ingurumenean Fracking-aren ondorio ezak kolokan jartzen dituzten ikerketa zientifikoak edota haien lurraldeetan teknika hauek debekatzen duten estatuak, Frantzia kasu, lege bidez apurketa hidraulikoa debekatu duena. Nabarmena da egun teknika honen inguruan eztabaida handia dagoela bere arriskuak direla eta.

Teknika honek sortu dituen arazoak direla eta, eta hauek udalerri honetan egoteko prebentzioan, mozio honen helburua udalerri honen mugen barruan teknika hau aurrera eramatea galaraztea da.

Nahiz eta planaren arabera Fracking-a hasiera batean Araban zentratu, munduan zehar izan diren esperientzia ugariak ikusirik oso posible litzateke ustiapena urteen poderioz lurraldean zabalduz joatea.  Beraz, arazoa ez dago Araban bakarrik, etorkizunean Euskal Herri osora zabaldu daiteke Fracking-aren praktika Usurbil ere herri kaltetuen barruan izanik.

Honen guztiagatik, udalbatza honetara aurkezten dugu akordio proposamen hau eztabaidatu eta onartua izan dadin:

1-Usurbilgo Udalbatzak Usurbil udalerria barne hartuko lukeen inongo Ikerketa Baimenik ez ematea eskatzen du.

2-Usurbilgo Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio fracking-aren aurkako iritzia dela eta, jarrera aktiboa har dezan Usurbil “Frackingetik aske dagoen Udalerri” izendatuz eta, ondorioz, “Fracking ez” seinalea udalerri sarreran jarriz.