Aurretik zegoen akats bat zuzendu eta herri bide berriak jasotzeko, herri bideen inbentarioa eguneratuko du Udalak. Horretarako, udalbatzaren gehiengo osoaren babesa jaso zuen atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Udal talde guztiak bi bide berri jasoko dituen inbentarioaren alde agertu ziren, Hamaikat izan ezik, abstenitu baitziren.
Aipatu moduan, aurrerantzean azken hilabeteotan mintzagai izan ditugun bi herri bide berri jasoko ditu herri inbentarioak. Batetik, Aginagako erriberako bidea. "Duela gutxi bukatu ziren bertako lanak", gogorarazi zuen atzo Mertxe Aizpurua alkateak. Eta bestalde, Agerreazpi eremuan eraiki diren babes ofizialeko etxebizitzen ondoan sortu den kale berria ere, Olarriondo kalea (ondoko argazkian), inbentarioan jaso da baita.
Honekin batera, herritar batek aurkezturiko alegazioa aintzat hartuz, herri bideen inbentarioko planoan huts egite bat antzeman du Udalak eta zuzenketa hau ere atzoko osoko ohiko bilkuran onartu zen.