Bost urtez, kultur lanketan

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 31a, 00:00

Udalaren eta eragileen arteko komunikazioa sustatu edota herriko kultur taldeen partaidetza eta koordinazioa bultzatzeko berreskuratu zen (1999an sortu baitzen) 2008ko urtarrilaren 30ean, Kultura Aholku Batzardea. Bilguneak bost urte bete berri ditu.

Aurreko legegintzaldian jarri zen martxan berriz. Aipatu moduan, orain bost urte burutu zen lehen bilkura, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Hitzordu hartan, Udala eta eragile desberdinen ordezkari gisa, 30 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.

Ordutik, bost urte pasa dira. Denbora tarte honetan, lanketa desberdinak burutu dituzte aipatu batzordean. Nabarmentzekoen artean, herriko talde edo elkarte desberdinek jasotzen dituzten diru-laguntzen inguruan egindako lanketa aipatu behar. Baita duela bi urte, 2011ko negu eta udaberri partean burutu zen parte hartze prozesua ere.

40 lagun inguru murgildu ziren prozesu horretan. Esku artean, besteren artean, kultur talde izatetik kultur herri izatera igarotzeko pausoa eman edota Kultura Aholku Batzordetik estrategiak markatzeko erronkak zituzten. Lanketa honi esker, batzuen eta besteen ekarpenekin, 2016. urte arteko kultur arloko Usurbilgo plan estrategikoa diseinatu zuten prozesu amaierarako. Datozen urteotarako erronkak bost zutaberen inguruan bildu zituzten:
1-Kultura balioan jartzea.
2-Herritarren artean parte hartzea sustatzea.
3-Auzoetako giroa bultzatzea.
4-Autogestioa bultzatzea kultur kudeaketan.
5-Kultur taldeak indartzea.

Udaletxetik Potxoeneara
Hainbat aldaketaren lekuko ere izan da Kultura Aholku Batzordea. Udal ordezkari eta herri eragileak Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan biltzen hasi baziren ere, gerora eskenatokiz aldatu zuten. Iazko martxotik kultur etxe berrian, Potxoenean egiten dituzte bilerak. Duela ia urtebete inauguratutako kultur etxe berria hain zuzen, besteak beste, herriko eragile desberdinen biltoki izateko irekia da.

Kultura Aholku Batzordearen azken deialdietako gai zerrendei begira jarriz gero, egun kultur arloko web orrialde bat lantzen dihardute bost urte bete berri dituen batzordeko kideek. Eta horrekin batera, diru-laguntzen deialdiaren gaia dute beste arreta gune nagusia.