5.120 euro bildu dira, Eperra ikastolaren alde

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 31a, 00:00

Zuberoako Eperra ikastolaren alde otarren salmentarekin Nafartarrak taldekoek abenduan burutu zuten kanpainan, 5.120 euro bildu zituztela berri eman dute. Antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dizikiete herritarrei. Aurrerantzean ere, Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzen eta udalerri honetan Zuberoaren arteko harremanak sendotzen joateko asmoa dute Nafartarrak taldekoek.

Usurbildarren elkartasuna Zuberoara heldu da. Zituzten aurreikuspenak gainditu direla dio, Jojo Malharin Eperra ikastolako lehendakariak NOAUA!ri astekari honetarako eskaini dion elkarrizketan. "Aurtengo kanpaina hasi ginelarik prestatzen, ez genuen esperantza handirik. Krisia dela eta, egoera ez zela gure alde argi genuen. Eskaerak sartzen hasi eta laster aldiz, ohartu gara ez zela hola izanen. Eta azkenean, egin dugun kanpaina erakargarriena izan da aurtengoa. 900 otarre muga gainditu dugulako!", adierazi du. 

Jasotako laguntza beharrezkoa dutela dio Malharinek, ikastola handitzen eta berritzen ari baitira. Aurrera begira ere, laguntza gehiagoren beharrean izango direla Eperra ikastolako lehendakariak, bere esanetan, "Xiberoko euskararen geroa gure ikastoletan baita". 

Jojo Malharini eginiko elkarrizketa osoa, hemen:

Zer balorazio egin dezakezue aurten jaso duzuen laguntzaz?
Jojo Malharin: Aurtengo kanpaina hasi ginelarik prestatzen, ez genuen esperantza handirik. Krisia dela eta, egoera ez zela gure alde argi genuen. Eskaerak sartzen hasi eta laster aldiz, ohartu gara ez zela hola izanen. Eta azkenean, egin dugun kanpaina erakargarriena izan da aurtengoa. 900 otarre muga gainditu dugulako! Krisi egoeran, elkartasuna sekulan baino garrantzitsuagoa delako???

Zertarako izan zaizue baliagarria, jaso duzuen laguntza?
Dena den, laguntza hau beharrezkoa zaigu. Azken urte hauetan gure Ikastola handitzen ari gara. Lehen fase batean parte berri baten eraikitzea eginarazi genien Xiberoko enpresa batzuei. Fase honen bukaera ospatu genuen joan den udaberrian. Bigarren urratsa da aldiz, ikastolako parte zaharraren eraberritzea. Horretan gara momentuan, fase hau burrasoen gain baita. Larunbatetan biltzen gara beraz, lanak aurreratzeko. Astean behin aritzez, ez da nahi bezala aurreratzen ahal, baina espero dugu Bazkoz bukatzea.

Zer nolako premiak edo beharrak ditu zuen ikastolak?
Ikastola handitzea, orain finantzatua baldin bada, oraingo beharrak dira, alde batetik, gela berri guztien antolatzea: mahaia, arbel eta guzti, eta bestalde ibilmoldea dirustatzea : eremu gehiago izateak esan nahi baitu berotze gehiago, garbiketa gehiago eta abar. Adibidez, Estatuak ordaintzen baditu irakasleen hilabete sariak, beste 4 langile, ikastolaren gain dira. Horri gehitzen badugu material guztia, haurren ateraldiak eta aktibitate bereziak.... Eta diru sarrerak ez dira eremua bezain azkar handitzen. Laguntzen erdia haur kopuruaren arabera kalkulatzen baita (Herrietako parte hartzea, familien ordainketa zuzenak). Eta beste erdia, laguntzaileen borondate onean oinarritzen baita, (laguntza zuzenak, edo ekintza eta kanpaina berezien bidez).

Zein da zuen ingurunean ikastolek bizi duten egoera edo errealitatea egun?
Gaur egun Xiberoan, haurren %20 ikastoletan dabil. Horrek ez du euskararen salbatzea segurtatuko, eta gure hizkuntzak behera jarraitzen du. Gero eta gutxiago entzuten da Xiberotarren artean. Iparralde osoan bezala beharrezkoa iruditzen zaigu ofizialtasuna lortzea. Jakin badakigu horrek ez duela dena konponduko, baina ondo badakigu ofizialtasun eza, zein kaltegarria den.


Eperra ikastola, bere sorreratik egon da elkartasunari lotua?
Betidanik, elkartasuna izan da ikastolen biziarazteko beharrezkoa. Harrigarria da ikustea, nola, lehen ikastolak sortu zirelarik, osoki, elkartasunari esker ziren dirustatzen. Eta gaur egun diru publikoa jasotzen ditugularik, gure beharrak askoz handiagoak dira. Herrien diru laguntzak emendatzen badira ere, ez dute Ikastolen garapena jarraitzen eta tartea gero eta handiagoa da. Tarte hori dugu elkartasunari esker bete behar...

Datorren urtean ere, ziurrenik elkartasun kanpaina berri bat antolatuko da Usurbilen. Zergatik parte hartu behar lukete herritarrek kanpaina horretan?
Beti bezala, bihar, atzo baino gehiago elkartasun kanpainak antolatu beharko ditugu. Xiberoko euskararen geroa gure ikastoletan baita, horrek handitzera kondenatzen gaitu. Eta horregatik jarraitu beharko dugu, zuen laguntzarekin, ikusgarriak antolatzen, Xiberoko mozkinen otarreak saltzen, taloak egiten......eta politikariei gure beharrak aldarrikatzen.