Inauteri Festako bazkaritarako sarrerak salgai, otsailaren 6ra arte

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 31a, 00:00

Denbora askorik ez da jada mozorroa prestatzeko, ate joka baitugu Inauteri Festa. Otsailaren 9an ospatuko da, eta aurten afaririk ez, bazkaria antolatu da Olarrondo jatetxean. Otordurako sarrerak salgai daude 18 eurotan, NOAUA!ko egoitzan, Irratin eta Txiribogan. Txartelak eskuratzeko azken eguna, otsailaren 6a izango da. 

Gogoan izan, musika izango dela mozorrotzeko aurtengo gaia. Beste nobedade bat, erraldoi konpartsarena. Inauteriotan, arratsaldez, buruhandi eta erraldoien kalejira batez gozatzeko aukera izango da Kaxkoan. 

Horiek berrikuntzetako batzuk. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Gaztetxeak antolaturiko egitarau honetan ordea, ez da aurreko urteetako osagairik faltako. Kaxkoa girotu eta jendea dantzan jarri izan dituzten txaranga taldeak bueltan datoz eta. Eguerdi partean, Zumarte Musika Eskolako Zumartxan taldeak girotuko du bazkalurreko tartea. Iluntzean berriz, Burrunbazale txarangaren txanda izango da. 

Mozorrotu, eta kalean algara artean pasatzeko eguna izango dugu beraz, datorren otsailaren 9a. Hona hemen, 2013ko Inauteri Festako egitaraua:

12:30 Zumartxan txaranga.
14:00 Bazkaria Olarrondon: txartelak salgai 18 eurotan NOAUA!n, Irratin eta Txiribogan.
17:00 Erraldoien kalejira dultzaineroekin.
19:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Usurbilgo Gaztetxea, Erraldoien Konpartsa.