Kutsaduraren aurkako elkarretaratzea, otsaileko lehen ostiral honetan

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 1a, 00:00

Urteko bigarren hilabetean sartu berri gara, eta otsaileko lehen ostirala dugu gaur, kutsaduraren aurkako elkarretaratze eguna. Irailaz geroztik egin ohi duen bezala, hilabeteko lehen egun honetarako ere kontzentrazioa deitu du Itaya Gazte Asanbladak, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Mobilizatzearekin batera, eta azken orduko aldaketarik ez bada, ke eta usain txarren arazoari lotuta, azken aldian izan diren nobedadeen berri ematekoak dira antolatzaileak. 

Pauso berriak, kutsadura arazoei aurre egiteko
Udalerriak pairatzen dituen ke eta usain txarren arazoei aurre egiteko hain zuzen, lan talde bat sortu asmo dago. Hala erabaki zuten Itaya Gazte Asanbladak deituta, urtarrilaren 11n Potxoenean burutu zen bilkuran. Oraindik konpontzeke dagoen arazoaren aurrean zer egin, horri buruz hitz egitea zen bertan bildutakoen helburua.

Gainera, egoera zertan den azaldu zuen, Usurbilgo Udaleko ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak. Batetik, aurrez Udalarekin izandako bileran adostu bezala, Ucin enpresak filtroak aldatu dituela baieztatu zuen. Azaroaren 23an izan zen, eguraldi txarrak eraginda aurreikusi baino hilabete eta erdi geroago. Udala berriz biltzekoa da enpresarekin, hilabete amaieran. Bide batez, beste behin, azaroaren 23az, Ucinek filtroak aldatuz geroztik kea ikusi edota usain txarra arnastu duenak, honen berri Udalari ematea deitu zuen Rivadeneyrak.

Udala aipatu enpresarekin urtarrila amaieran burutzekoa zen bilkuran, arazo hau konpontzeko aurrerapauso berriak eman asmo zituen. Gazte asanbladak proposatuta bestalde, Itayatik kanpo herritarrekin, elkarretaratzeak deitzetik haratago joango den lan talde bat sortzeko asmoa dago. Mobilizazio hauez gain, zerbait gehiago egiteko beharra dagoela uste baitute urtarrilaren 11n Potxoenean bildutakoek. Edozein kasutan, hileroko elkarretaratzeak antolatzen jarraitu asmo dute.