Kontratazioetarako hizkuntza irizpideak modu bateratuan aplikatuko dituzte hainbat erakundeek, Udalak tartean

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 1a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako 36 udalek, Usurbilgoak tartean, administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan aplikatuko dituzte. Orain, modu bateratuan adostutako protokoloen bidez, erakundeen lana eraginkorragoa izango da. Udal-ekin egitasmoaren bidez adostu dituzte irizpideak, erakunde guztiok. Hizkuntza irizpideek obra kontratuei, herri-lanen emakidei, zerbitzu kontratuei, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei eta hornidura kontratuei eragingo die. Administrazioarekin eta herritarrekin izan beharreko erabilera arautzeaz gain, hizkuntza paisaia eta gaitasuna ere neurtu dira. Beraz, Gipuzkoako 36 udalen eta Aldundiaren kontratazio publikoetan, enpresek hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte aurrerantzean.

Usurbilgo Udalak bat egin du 
Irizpideok aplikatuko dituzten udalak honako hauek izango dira. Usurbilgoa dago tartean: Aizarnazabal, Anoeta, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Errezil, Eskoriatza, Getaria, Hernani, Ibarra, Irura, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Soraluze, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zestoa, Zizurkil, Zumaia.

36 udalokin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Urola Kosta Mankomunitateak aplikatuko dituzte irizpideok.