Atez atekoaren aldeko ekitaldia bihar, Hernanin

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 1a, 00:00

Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak larunbaterako, "Erraz eta zentzuz ATEZ ATE ingurumena eta osasuna zaintzen" aldarripean Hernanin iragarri duen agerraldira joateko deia egin dute. Ekimena, bihar eguerdiko 12:00etatik aurrera burutuko da Ezkiagan (Tilosetan). "Orain daukagu denon artean errauste planta janik gabe uzteko aukera. Hernanin eta gero eta herri gehiagotan... "ondo ai gea!". Hondakinak denok sortzen ditugu; denon ardura dira. Atez Ate... askoz hobe!" dio, ekitaldia iragartzeko antolatzaileek kaleratu duten kartelak. 

Hernanira joateko deia egin du aipatu moduan, Usurbil Zero Zabor bilguneak. Larunbat goizeko 11:15etan Usurbilen biltzeko hitzordua finkatu dute, Kale Nagusiko Zendoia pareko autobus geltokian. 

Usurbildar, oiartzuar, hernaniar eta antzuolatarrak biltzekoak dira biharko agerraldian. "Hainbat komunikabidek atez atekoren inguruan zabaldu duten irudi ezkorraren aurrean,  egunerokotasuna atez atekoarekin bizi duten herritarren agerpena antolatu dugu GZZtik. Agerpen horren bidez, atez atekoarekin lortzen diren bilketa emaitza bikainak azpimarratzearekin batera, herritarren bizimoduak lehengo normaltasun berarekin segitzen duela aldarrikatu nahi dugu. Komunikabideetan entzun eta irakurtzen ari garen gezur hoiek denak lehendik ere entzunak ditu atez atekoa jarri den herrietako jendeak. Praktikak erakutsi die gauzak ez dutela inondik ere zer ikusirik iragartzen zieten kaosarekin", adierazi dute GZZkoek euren web orri bidez. 


Larunbateko atez ateko bilketaren aldeko ekitaldiari begira, Usurbil Zero Zaborrek otsailaren 1eko astekarirako honako testua helarazi dute NOAUA!ra: 

Erraz eta zentzuz ATEZ ATE ingurumena eta osasuna zaintzen 
Gipuzkoan, mundu zabalean bezala arazo handi bat daukagu zaborrarekin. Hondakin mordoa sortzen dugu eta hoietatik gehienak nahasita biltzen dira, zabor bihurtuta, hondakin hoietan dauden materialak alferrik galduz. Baliabideak alferrik galdu eta gainera arazo larri bat sortzen dugu jardun horretan: zaborra. Osasuna eta ingurumena kaltetzen dituen gaitz larria da zaborra, eta arazo larria den eran, konpontzeari irmo eta sakonki ekin beharrekoa. 

Hondakinak zabor bihur ez daitezen hainbat neurri hartu behar dira. Kutsatzea eta kalteak eragitea ezin du hain erraza izan. Bilketari dagokionez, oinarrizkoa da gaikako bilketa eraginkorra egitea. Gauzak ondo egitea zailtzen duten sistemekin ez zaio sekulan arazoari konponbidea emango. Kaleko edukiontziekin hori gertatzen zen gure herrietan eta hori gertatzen da kalean segitzen dutenetan. 

Atez atekoa martxan jartzera doazen herrietara zuzenduta mezu ikaragarriak ikusi eta entzuten ari gara prentsan eta politikari batzuen ahoetatik. Ez zaizkigu arrotzak horrelako gezur zabaltze kanpainak. Gure herrietan ere ezagutu genituen atez atekoa ezarri aurretik. Gutako asko ere ikaratu ginen ba omen zetorkigun kaos eta infernuarekin. 

Guzti honen aurrean, atez atekoaren egunerokoa ezagutzen dugun herritarrok ezin dugu isilik geratu. Gure ekarpena egin behar diogu arazo larri honen konponbideari. Gainerako herrietako biztanleei esan behar diegu atez atekoak hondakinen kudeaketan aldaketa handiak ekartzen dituela bai, baina herritarron egunerokoan, ez duela apenas aldaketarik suposatzen, ez eta ahalegin berezirik eskatzen. Atez atekoarekin gure bizitzak naturaltasunez eta normaltasunez segitzen duela adierazi behar dugu. 

Horretarako zita, larunbatean izango dugu, otsailaren 2an, Hernaniko “Tilos” enparantzan eguerdiko 12:00etan. Hernanira joateko, Usurbilen 11:15etan jarri dugu hitzordua kale nagusiko autobus geltokian, Zendoia parean.