Deba-Zumaia ibilbidea osatzeko aukera igandean

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 4a, 00:00

Andatza Mendizale Elkarteak Deba-Zumaia ibilbidea osatzeko irteera antolatu du igande honetarako, otsailaren 10erako. Goizeko 8:00etan jarri dute biltzeko hitzordua, tren geltokian. Handik Debara trenez joateko asmoa dago, gero Zumaiara oinez, eta azkenik, Zumaiatik Usurbila trenez itzultzekoa. 

Dema-Zumaia ibilbidea 12 kilometrokoa da, eta hiru ordu eta erdiko tartean egiteko modukoa izango da, Andatzakoek berri eman dutenez. Bideak paisaia ikusgarrietan murgiltzeko aukera eskainiko du. "Itsasbazterreko bidean zehar ibilaldia, Euskal itsasertzeko altxorrik preziatuenetakoa den ingurunean. Paisaia paregabeak erakusten dituen ibilaldi honetan, zenbait fenomeno geologikoren berri izango dugu; esate baterako, flyscha, marearteko zabalgunea, eta abar. Eguneko itsasbehera 10:25etan da", adierazi dute antolatzaileek. Ibilbideko mapa, eta igandean irteeran parte hartzen dutenek ikusi ahal izango dutenaren berri ematen ari dira, andatzamendizale.info web orrialdean.