Aldamioa jarri dute, segurtasun neurri guztiak betetzen dituela ere egiaztatu du enpresa batek. Bertan lanean jardungo duten herritarrek ere amaitu berri dute burutu beharrekoa zuten ikastaroa. Guztia prest dute jada Aginagan. Larunbat honetan, otsailaren 9an hasiko dituzte elizako eraberritze lanak, Bidean Agiñarron Herri Elkartetik berri eman dutenez.
Auzolanean burutuko dute prozesu osoa, aipatu bilgunetik duela bi hilabete NOAUA!ri eskainiko elkarrizketan ziotenez. "Aginagarentzat ondare historikoa, altxor bat dela iruditzen zaigu eta berritu beharra dagoela, erabilpen anitz bat emateko. Arranpa bat egiteko asmoa dago, gurpildun aulkian daudenentzat. Bai eliza eta kanpoko arranpa auzolanean egingo dira", iragarri zuten Bidean elkartetik. Bost egun barru beraz, auzolanari ekingo diote Aginagan.