Giro ederra eta jende asko aritu zen atzo goiz eta eguerdi partean pintxo janean. Hurbilago Usurbilgo Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak antolatuta, hirugarrenez Tipi-Tapa ekimena ospatu zen, egitasmoarekin bat egin duten Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan. Ezkur-urdaiazpikoz eginiko mokadu bereziak prestatu zituzten bost taberna hauetako langileek. Atzoko edizioan gainera, bi hilabetean behin egiten den 300 euroko erosketa balea zozketatu zen Artzabalen. 668 zenbakia izan da saritua, Hurbilago Elkartetik berri eman dutenez. Saria egokitu zaionak, Hurbilagoko kide diren establezimenduetan xahutzeko aukera izango du.
Gainerakoek datorren Tipi-Tapara arte itxaron beharko dute. Herriko bost edaritegi lotzen dituen ibilbide gastronomiko honen laugarren edizioa, martxoko lehen igandean ospatuko da, hilaren 3an. 300 euroko erosketa balearen hurrengo zozketa berriz, apirilaren 7an egingo da. Zozketan parte hartzeko egin beharrekoa erraza da. Pintxoak dastatzen joan ahala, tabernetan jasotako Tipi-Tapa txarteletan zigiluak biltzen joan. Bost tabernetako zigiluak bildu ostean, bost zigilu beraz, txartelak edaritegi hauetan egongo diren kutxaren batean utzi. Tipi-Tapa txartela bost zigiluekin bete gabe duzuenok, gorde martxoko lehen igandera arte. Txartelak baliogarri izaten jarraituko baitu, bost zigiluak lortu arte.
Irudia: Hurbilago.