Usurbilgo turismoa eta merkataritza alorrak lotzen dituen gida aurkeztu dute gaur eguerdian Potxoenean. Jada kalean dagoen lan honi buruzko zehaztasunak ematen aritu dira Alaitz Aizpurua, Ana Perez eta Juanjo Allur, Usurbilgo Udalaren, Hurbilago Elkartearen eta Siadeco Ikerketa Elkartearen izenean. Hiru eragileon elkarlanaren emaitza baita gida berria. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du.
Siadecoren eskutik Usurbilgo Udalak herriko merkataritza indaberritzeko 2009an gauzatutako plan berezian du jatorria gaur aurkeztu den egitasmoak. Plan horren baitan hain zuzen, 4 urtetarako ekintza plana zehaztu zen, zenbait helbururekin; besteak beste, gaur berri eman dutenez, "baliabide turistiko eta kulturalei balioa eman eta kanpoko bisitariak erakartzeko". Ordutik hona hainbat egitasmo bideratu dituzte Hurbilagok eta Udalak; Mikel Laboa plazako urbanizazio lanak, Hurbilagoren fidelizazio txartela, merkataritza erabilerarako aparkaleku plaza rotatorioak... Eta iaz, "Usurbilgo baliabide turistikoak balioan jartzeko erakusleihoaren proiektua diseinatu zen eta bertan mota honetako gida baten beharra identifikatu zen". Gaur aurkeztu dena hain zuzen.
Herri bizitzaren aldeko apustua
Gida berriarekin Udaletik nabarmentzen dutenez, argi geratzen da, "Usurbilgo herriaren erakusleiho zabal berria da. Usurbildarrok abegitsu hartzen ditugu eta hartuko ditugu ere aurrerantzean gure herrira hurbilduko diren bisitariak. Argi erakusten du gida honek, gainera, herrian bertan egin ditzakegula erosketak". Udalak ezinbestekotzat jo du egitasmo honetako parte hartzea, "herri bizitzaren aldeko apustu garbia" egiten baitu, herriko taberna eta saltokien aldeko apustua. Udalaren esanetan, euren helburuetako bat "herriko baliabideak erabili eta bultzatzea da". Eta horretara gonbidatzen ditu herritarrak. Gida hau eskutan hartu eta herriko baliabideak erabiltzera hain zuzen.
Udalerriko potentzialtasuna baliatu behar
Juanjo Allurrek garrantzitsutzat jo du bestalde, usurbildarrak herrian bertan dutenaz jabetzea lehenik, eta "daukaguna erakustera ematera", gero. Zentzu horretan, gida erakusleiho baten moduan definitu du.