Gida berria, NOAUA!n ere eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 4a, 00:00

Gaur aurkeztu duten gida kalean da. 10.000 ale argitaratu dituzte. Usurbilen Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduetan eskuratu ahal izango da, baita udal eraikin desberdinetan ere, edota NOAUA!n. Halere, udalerritik kanpo, beste zenbait lekutan ere banatuko dituzte. Gaur eguerdiko prentsaurrekoan Juanjo Allurrek berri ematen zuenez, Buruntzaldean, Donostialdean edota Urola Kostan. Gida sarean ere lortu ahal izango da; Usurbilgo Udalaren usurbil.net web orrialdean. Gidaren atzealdean dagoen QR kodeak ere kontsultarako aukera ematen du. 

Usurbilgo berri izateko euskarria
Gidak udalerriko mapa bat du, kaleen izenekin. Bertan zenbaki eta kolore desberdinez identifikatuak ageri dira, udalerrian bisita daitezkeen monumentu eta bestelako interes guneak batetik, eta bestetik, udalerriko hainbat establezimenduren kokagunea. Aipatu maparekin batera, Usurbilek eskaintzen dituen interesgune eta establezimendu horien guztien gaineko informazioa eskaintzen du gidak. Establezimenduen kasuan, argazki bat, izena, eta helbide, telefono zenbaki edota posta elektronikoa. Eta horrekin batera, establezimendu bakoitzaren eskaintza eta historia ere jasotzen ditu gidak. Baita establezimendu guztion zerrenda bat ere.

Udalerriko monumentu eta interes guneei dagokienez ere, beste hainbeste. Guztion kokagunea edota historia jasotzen du Usurbilgo Gidak. Guzti hau osatzeko, urtean zehar herrian ospatzen diren hainbat ekitaldi, jai edota kirol proben egutegi bat ere txertatu dute gidan.

Eta azalean, irudi bat. Usurbilgo establezimenduek eskaintzen dituzten produktuen marrazkiekin ageri den, errotarri bat. "Dabilen harriari, goroldiorik ez”, dio esaera zaharrak; eta beraz, aurrerantzean, herriko merkataritzaren eta turismoaren 'errotarriari' eragitea izango da, beharbada, gakoa. Argitalpen xume honek eginkizun horretan lagunduko duelakoan gaude", adierazi dute gaurko aurkezpen ekitaldian.