Atez ateko bilketa indarrean duten udalerrietako hamarnaka lagun bildu ziren larunbatean Hernanin, sistema honen alde egiteko. Atez atekoaren inguruan esaten ari diren gezurrak salatu eta beste behin Gipuzkoa zero zabor lurralde izatearen aldeko apustu garbia egin zuten hainbat usurbildar, hernaniar, oiartzuar eta antzuolarrek. Hona hemen, agerraldian irakurri zuten testua bere osotasunean:
ERRAZ ETA ZENTUZ ATEZ ATE INGURUMENA ETA OSASUNA ZAINTZEN
Duela ia urtebete, 34 udalek arduraz jokatuz hondakinen gaikako bilketa eraginkorraren alde
egitea erabaki eta atez atekoa jarriko zutela iragarri zutenetik, bilketa sistema honen kontra
sekulako gezur erauntsia jasaten ari gara. Horrelako erasoaldiak ez dira berriak. Lehendik ere
guk jasan behar izan ditugu gure herriek Atez Atekoaren aldeko apustua egin zutenean. Badakigu zer den, kaosa eta infernua gure herriaz nagusituko direlako berri artean bizitzea. Entzunaren entzunez asko gara orduan gezurrok sinetsi eta beldurtu ginenak, orain beste herrietan gertatzen ari den moduan.
Baina atez atekoa ezagutzeko pribilegioa daukagunok, badakigu gauzak oso bestelakoak direla, bizimodu erabat normala egiten segitzen dugula, diferentzia nabarmen batekin: gure herrietan hondakinak zabor izateari utzi eta baliabide bihurtu dira. Ondorioz, zabortegiak dituzten herrietara lehen baino askoz ere zabor gutxiago bidaltzen dugula ikusten dugu, inork nahi ez dituen instalazio hoiek hartzen dituzten herrietako biztanleekin daukagun zorra ahal dugun neurrian kitatuz.
Gezurrak entzuteaz nazkatuta gaude. Batzuk errauste planta kutsakor eta garesti bat egiten tematu direlako, bilketa sistema bikain bati horrenbeste oztopo jartzeaz nekatuta. Gernika ez zuten gorri separatistek erre, Lemoizko zentral nuklearra eraiki ez zelako ez gara azak jatera mugatuta bizi, Iraken ez zegoen suntsipen handiko armarik eta Atez Atekoa ez da sistema zikin, deseroso eta garestia. Batzuk zein besteak gezurrezko propaganda dira, errausketaren bultzatzaileek ezinbestean erabili beharrekoak, soberan dakitelako egiak jendea komeni ez zaien erabakiak hartzera eramango lukeela.
Hemen bildu garenok, gaurko agerraldiarekin zera adierazi nahi diegu ozenki Gipuzkoako herritarrei: Gezur guztien gainetik atez atekoa sistema eraginkor eta justua izateaz gain, sistema eroso, garbi eta merkea ere badela, eta herri guztiak bide horretatik joanez gero, erraustegi eta zabortegi toxikorik gabeko Gipuzkoa edukitzea lortuko dugula, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izatea lortuko dugula.
Irudia: Hernaniko Kronika.