Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren salaketa

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 5a, 00:00

Aurreko legealdia amaitzera zela, Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioko presidente Carlos Ormazabalek swap izeneko produktu finantzario bat kontratatu eta ondorioz, egun hilero 300.000 euro interesetan ordaindu behar zaizkiela Banesto eta La Caixari. Hori salatu zuten, Ormazabalen ondorengo GHK-ko lehendakari Juan Carlos Alduntzinek eta Ainhoa Intxaurrandieta lehendakari ordeak, joan den ostiralean hedabideen aurreko agerraldian. Produktu honen kontratazioa, aurreko legealdiko agintariek bultzatu nahi zuten hondakinen kudeaketa planarekin lotua legoke eta salatu zutenez, Zubietako erraustegi plantaren proiektua atzeraezin bihurtzea zuten helburu.

Zenbakitan, GZZ-tik berri eman dutenez, "GHK-k bakarrik 9,7 miloi erabili dituen, 94 miloiren interesak ordaintzera behartuta dago, hobe esanda, Carlos Ormazabalek Gipuzkoarrak erabili ez digun diru baten interesak bankuei ordaintzera behartu gaitu".

Egoera honen aurrean neurri legalak hartzeko asmoa du GHK erakundeak. Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduaren web orrialdetik berri eman dutenez, "GHKren administrazio kontseiluak interes abusibo hoirek ez ordaintzeko agindua eman du, eta era berean, SWAP kontratu horiek bertan behera uzteko bide judizialari ekitea aztertuko du".

GZZ-koentzat salaketa hau ez da kontu berria. "Askotan salatu izan dugu erraustegia eraikitzeak "arrazoi" bakarra daukala eta ez dela hain zuzen hondakinak kudeatzearen ingurukoa. Sektore ekonomiko eta politiko ahaltsuek dituzten interes espekulatzaile, ekonomiko eta politiko partikularrek bakarrik "justifikatzen" dute planta toxikoaren eraikuntza", berri eman dute.