Emakume baserritarren historia aztertzeko beka deialdia

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 6a, 00:00

Beka deialdi berri batean parte hartzeko epea ireki du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Usurbilgo emakume baserritarrek bizi izandako errealitatea aztertu beharko dute egitasmo honekiko interesa dutenek. “Usurbilgo emakume baserritarren inguruko historia jaso, landu eta herritarrei transmititzea” da helburua, deialdiko oinarriek jasotzen dutenez. Ikuspuntu desberdinetatik landu beharko da gaia; historia, ekonomia, antropologia, soziologia, giza zientziak, filosofia… Deialdi honetan interesa dutenek, otsailaren 26ra arteko epea dute euren proiektua aurkezteko. Epaimahai batek hautatuko du, beka nori eman.

Deialdi honen zergatia, oinarrietan jaso du Udalak: “Historian zehar nabarmena izan da oro har, emakumeen ikusgaitasun sozialaren defizita. Izan ere, gutxitan jaso izan dira emakumeek gizartearen, ekonomiaren edota politikan egindako ekarpenak eta horrenbestez balioetsiak izan dira. Hori dela eta, garrantzitsua da, emakumeek izan duten papera ikusaraztea eta jendeari egindako ekarpenak ezagutzera ematea”.

Norbanako edo taldeek parte har dezakete
Beka deialdi honetan parte hartzeko zenbait baldintza bete beharko dira. Batetik, erdi mailako edo goi mailako Unibertsitateko titulua eta EGA edo baliokidea izatea. Honez gain, “ezingo dute beka jaso Usurbilgo Udalarekin edo haren mendeko erakunde autonomoekin nahiz entitateekin dituzten zorrengatik behartze bidez ordainarazitako hasitako prozeduretan daudenek, ezta ere Udalarekiko zerga obligazioak ordaintzeke izanez gero, harik eta zor horiek, benetan, ordaindu edo kitatzen dituzten arte”.

Norbanako edo taldeak aurkeztu daitezke beka deialdi honetara. Taldean aurkeztuz gero, talde kide guztiek aipatu baldintza guztiak bete beharko dituzte. Eta taldeko arduraduna izendatu beharko da. “Haren ezaugarriak baloratuko dira eta hark izango du lanarekin zerikusia duen guztirako ardura nagusia”, diote deialdiko oinarriek.

Azterketaren jarraipena egiteko, tutoretza ordu batzuk zehaztuko ditu Udalak. Lanek argitaragabeak izan beharko dute. Bekaren kopurua 10.000 eurotakoa izango da. Hiru zatitan ordainduko da; “%40a proiektua hautatutakoan, %30a sei hilabete igaro ondoren, txosten bat entregatu eta gero, eta %30a ikerketa aurkeztu eta epaimahaiak bere oniritzia ematen duenean”. Epaimahaia, alkateak eta parekidetasun alorreko zinegotziak edo eurek hautatutako ordezkari banak, udal parekidetasun alorreko teknikariak, eta Historian eta ikerketa feministan adituak direnek osatuko dute.

Aurkeztu beharrekoa
-Eskaeren aurkezpena: otsailaren 26ko arratsaldeko 14:00ak baino lehen, udal erregistroan edo bidali postaz, Usurbilgo Udala, Joxe Martin Sagardia Plaza z/g, 20170 Usurbil helbidera.

-Dokumentazioa: “Usurbilgo emakume baserritarrak bizi izan duen errealitatearen azterketa” dioen gutunazal batean. Barruan, lan proiektua sartu beharko da, “bertan jasoko direlarik izenburua, ikergaia zehaztuta, ikergaiaren testuinguru teorikoa, helburuak, metodologia, kronograma, erabiliko diren baliabideak eta bibliografia. Lan proiektuak 15 orrialde izango ditu gehienez. Proiektuaren bi kopia aurkeztuko dira paperean, eta beste bat euskarri digitalean”. 

-Kartazal berean, “baina gutunazal itxi batean, lan proiektuaren izenburua, eskatzailearen edo eskatzaile guztien harremanetarako datuak, NAN dokumentuaren fotokopia, eskatzaileen curriculumak, bertan zehazten diren merituak zuritzeko ziurtagiriak, tituluak eta eskatzaileak lanik argitaratu badu, argitaratutako lanaren lehen orrialdea”.

-Horrez gain, hiru adierazpen aurkeztu behar ditu norbanako eskatzaile edo taldeak: azaroaren 17ko 38/2003 legearen 13.2 artikulua ezarritako debekuetan sartuta ez egotearena; zerga bidezko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean egotearena; eta azkenik, helburu berdinerako Administrazio Publikoari edo erakunde publiko zein pribatuei bestelako laguntza edo bekarik eskatu edo jaso ez izanaren adierazpena.


Informazio gehiago: usurbil.net edo Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.