197/2006 doktrinaren aurka, mobilizazioak martxoaren 20an

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 6a, 00:00

197/2006 doktrinaren ondorioak jasaten ari diren euskal preso politikoen udalerri guztietan mobilizazioak deituko ditu Herrirak, martxoaren 20rako. "Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu", adierazi zuten Herrirako ordezkari Jon Garayk eta Nagore Garciak atzo eskaini zuten prentsaurrekoan. Egun horretan, martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, Espainiako Estatuak joan den uztailaren 10eko epaiaren kontra aurkeztutako helegitea aztertuko du. "Epai hartan, Estrasburgoko Auzitegiak adierazi zuen Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela, eta Ines del Rio berehala aske utzi behar zutela dekretatu zuen", berri eman dute Herriratik. 

Aldiz, gaineratzen zutenez, "Espainiako Estatuak, ordea, ez du epaia onartu, are gehiago, azken hilabeteetan giza eskubideak urratzeko estrategiari ekin dio". Hain zuzen, kalean behar zuten hainbat euskal preso politikok espetxean jarraitzen dute oraindik. "Guztira, 73 euskal herritar daude espetxean zigorra osorik beteta, 20, 25 eta 30 urte preso eman ondoren, urtetan aurrera doazela eta eritasun larriekin kasu batzuetan", gogorarazten dute Herriratik. Horien artean, Ramon Uribe usurbildarra. Espetxi zigor osoa beteta, abenduaren 3an kalean behar zuen. Baina bi hilabete geroago, Salamancako Topas espetxean jarraitzen du.

Urtarrilaren 12ko aldarrikapena, Europara
Egoera honen aurrean, urtarrilaren 12an Bilbon burutu zen manifestazioan izandako eragileekin harremanetan da Herrira. Honako hiru ardatz hauek dituen elkarlana bultzatu nahi dute: batetik, "Euskal gizarteak Estrasburgoren epaiarekin bat egite hori azaleratu dadila ekitaldi unitario batean"; bigarrenik, "eragile bakoitzak, nork bere eremuan, sentsibilizazio, salaketa eta mobilizazio bideak aztertu ditzala doktrina hori indargabetu dadila eskatzeko"; eta azkenik, "denok batera gogoeta prozesu bati hasiera ematea, ongi pentsatzeko zer egin genezakeen eragile politiko, sindikal eta sozialek salbuespen-neurri horiek bertan behera uzten ez badituzte".

Honez gain, Herrirak berri eman duenez, "ordezkari batzuk Bruselara eta Estrasburgora joanen gara ahozko epaiketaren aurreko asteetan, Europako erakundeei eta gizarteari giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko mezu hau helarazteko". Euren esanetan, "gure helburua, indar guztiak batuta, urtarrilaren 12an gizarteak emandako mandatua Europara eramatea da: giza eskubideak, irtenbidea, bakea". 197/2006 doktrina indargabetu eta espetxe politika aldatzea beharrezkoa dela eskatuko dute Estrasburgon, "helburua konponbidea izanik eta ez mendekua". Horrekin batera, euskal herritarren gehiengoa Estrasburgoko epaiaren alde dagoela, mezu hau ere zabaldu nahi du Herrirak, martxoaren 20ko hitzorduari begira. 

Hurrengo egunetan, harremanek emandako emaitzen eta martxoaren 20ari begira antolatu asmo dituzten ekimenen berri ematekoa da Herrira. Urtea bete berri du bilguneak, eta ordezkarien esanetan, "zoritxarrez ezin dugu albiste onekin ospatu. Orain arte bezala, oinazea eta eskubideen urratzeak baizik ez dakarren egoeran gaude".

Irudia: Herrira.