Martxoaren 23an helduko da Korrika 18 Usurbila

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 6a, 00:00

Korrika 18 Andoaindik Baionara abiatzeko 36 egun eskas falta diren honetan aurkeztu dute gaur, euskararen aldeko lasterketaren ibilbidea. Berrikuntza gisa, aplikazio bat prestatu dute antolatzaileek, udalerri bakoitzean Korrika noiz eta nondik igaroko den ezagutzeko. Modu honetan jakin daiteke, 18. Korrika martxoaren 23an, larunbatarekin helduko dela Usurbila. Aspaldiko partez arratsaldez, 16:33 inguruan. Orio aldetik etorriko dira lasterkariak. Eta Usurbildik, Lasarte-Oria aldera joko du gero. 

Biharamunean, hilaren 24an iritsiko da Korrika 18 helmugara, Baionara, Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, 2.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatu eta gero. "Eman euskara elkarri" lemapean ospatuko da Korrika 18, euskara ikasleak omenduko dira edizio honetan.

"Lekukoaren Bila" ginkana, otsailaren 16an
18. Korrika abiatzeko hilabete pasatxo falta den honetan, Euskal Herri mailan antolatu den Lekukoaren Bila Ginkana ekimena hastear da. Usurbilgo Korrika Batzordetik berri eman dutenez, kanporaketak hilabete honetan burutuko dira. Usurbil eta Lasartekoa, otsailaren 16an, hemen, Usurbilen arratsaldeko 17:00etatik aurrera. "Bertan sei taldeek parte hartuko dute eta herrian zehar proba desberdinak egingo dituzte", berri eman dute Korrika Batzordetik. Itaya Gazte Asanbladako kideek hartu dute, ginkana hau antolatzeko ardura. 

Eskualde eta udalerrietako lehen saioen ostean, Gipuzkoa mailako kanporaketa ospatuko da. Eta final handia, martxoaren 24an, Baionan. Korrika 18 helmugara ailegatuko den egunean hain zuzen.