Hezkuntza mahaia osatu arteko bideari ekingo diote orain

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 7a, 00:00

“Hemen bukatuko dugu fase hau eta orain hasiko da benetako lana”, zioten atzo burutu zen hezkuntzako parte hartzeko prozesuko zazpigarren eta azken bileran. Etorkizunerako Usurbilgo hezkuntza eredu bateratua adosteko Usurbilgo Udalak urritik hona antolaturiko prozesua halere, ez da hemen amaitzen. 

Lehen bileretan egoeraren diagnosia egin eta diagnosi hartan identifikatutako behar edo interesei irtenbidea aurkitzeko aukerak landu ostean, erabakitakoa martxan jartzeko pausoak diseinatzen aritu dira azken saioetan. Eta aurrera begira jarri ziren Potxoenean burutu zen atzoko hitzordura gerturatu ziren herritar, eragile eta udal ordezkariak.

Hemendik aurrera zer?
Taldeka bilduta, galdera honen bueltan eztabaidan eta ekarpenak biltzen aritu ziren parte hartze prozesuko kideak. Prozesuan zehar burututako lanketa osoarekin orain, jendartera nola helarazi, norengana, zer urrats eman hemendik aurrera… Bilera sorta hauek eman dutena nola sozializatu, nola komunikatu eta aurrera begirako antolaketa lana marrazten hasi ziren atzoko saioan.

Ideia desberdinak planteatu zituzten. Taldeetako batean, prozesuan zehar eginiko lanketaren inguruko informazioa modu sinplifikatu eta erakargarrian aurkeztu beharra dagoela nabarmentzen zuten. Hezkuntzaren alorreko komunitatean ahalik eta gehien hedatzeko beharra ikusten zuten, bai herriko aldizkariaren bidez, baita inguruko hedabideen bitartez ere.

Prozesuaren emaitzak bakarrik ez, prozesuaren bera, nondik norakoak azaltzeko beharra sumatu zuten beste taldeetako batean. Hedapen lana egitea lehentasuntzat jotzen zuten, eta horretarako, herri aldizkaria baliatzea, baita eskola bakoitzak zabaltzeko dituen bideak erabiltzea ere. Gune konkretuetan, aurkezpenak egitea ere planteatzen zuten. Atzo amaituriko prozesuaren ostean, eta hezkuntza alorreko mahaia osatu arte, trantsizio bide hau egingo lukeen talde eragile bat egotea beharrezkotzat jotzen zuten. Helburu zehatzak eta txikiak finkatzen joatearen aldeakoak ziren.

Hezkuntza mahaia lehenbailehen osatu beharra dagoela zioten beste taldeetako batean. Bilgune hau Udalak dinamizatzea egoki ikusten zuten, eta proposamen zehatz bat ere egin zuten; prozesuaren berri emango duen txosteneko informazioa labur eskaintzeko beharra. Triptiko bat kaleratzea proposatzen zuten.

Hezkuntza mahaia osatzerantz
Hor daude batzuen eta besteen proposamen eta ekarpenak. Urritik atzora arte, aurrekaririk ez duen bide bat jorratu da Usurbilen hezkuntza alorrean. Orain, prozesu honetako “motore” lana egin duen eragile taldea biltzekoa da berriz. Eta hortik aurrera, aurrerapausoak ematen joango dira. Une honetatik aurrera, hezkuntza mahaia osatu arteko bideari ekingo diote.

Zazpi bilera, hiru fase
Hiru hilabete eta erdi inguru luzatu da hezkuntzako parte hartze prozesua. Urriaren 24an abiatu zen eta atzo borobildu zuten orain arte egin duten lanketa. Alor honetako lanketa bera ez baita amaitu halere, jarraipena izango du. Laburbilduz, hauxe Usurbilgo etorkizuneko hezkuntza eredu bateratua adosteko landu diren edukiak:

Iraupena: urriak 24-otsailak 6.

Egunak: urriak 24, azaroak 7, azaroak 21, abenduak 5, abenduak 19, urtarrilak 23 eta otsailak 6.

Bilerak, zazpi guztira, hiru fasetan banatu dira:
1-Egoeraren diagnostiko partekatua: 2 bilera.
2- Identifikatutako interes edo beharrei irtenbidea aurkitzeko aukera ezberdinen lanketa: 3 bilera.
3-Erabakitakoa martxan jartzeko eman beharreko pausoak zehaztu eta landu: 2 bilera.