Haur sexualitatearen inguruko ikastaroa antolatu dute martxorako

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 7a, 00:00

Sexu Aholkularitza Guneak "Garaiz iristeko haur sexualitate ikastaroa" antolatu du datorren hilerako. Saioak martxoaren 6an, 13an, 18an eta 20an burutuko dira. Arratsaldez, 17:00-19:00 artean, Potxoenean. Izen ematea irekia egongo da otsailaren 28ra arte, sexuaholku@usurbil.net helbidean edo 943 377 110 eta 679 919 516 telefono zenbakietan.

0-12 urte arteko sexualitatea aztergai
"Iaz haur sexualitatea guraso eta hezitzaileekin jorratzen hasi ginen eta ikastaroa motza gelditu zenez aurten gaiarekin jarraituko dugu", berri eman dute antolatzaileek. 0-12 urte arteko haur sexualitatea aztertuko da ikastaroan. "Ikastaroan parte hartuko dutenen nahien arabera hautatuko ditugu gaiak", berri eman dute Sexu Aholkularitza Gunetik. Besteren artean, umeak nola sortzen diren azaltzeko aukerak, umeak eta famili mota desberdinak, sexualitatearen inguruko hiztegia eta hitz aproposak, sexu estereotipoak, komunikazioa eta desira, maitemina eta desira... Aztertu daitekeen gai zerrenda amaigabea dela gogorarazten dute Sexu Aholkularitza Gunetik. 

Ikastaroari "garaiz iristeko" izenburua jarri izanaren zergatia azaldu dute Sexu Aholkularitza Gunetik. "Sexu Aholkularitza Guneak datozen belaunaldi berriengan errealitate berri bat sortuko duen heziketan oinarritutako prebentzio plana bultzatuko du. Maiz, sexualitate gaiari heldu nahi diogunean gure gaztetxoak jada ez dute gurekin gaiaz mintzatu nahi. Nolabait berandu iritsi garelako inpresioa dugu. Sarritan gure buruari galdetzen diogu: Noiz has gaitezke sexualitateaz hitz egiten? Nola? Nola erantzun beraien galderei? Zer komeni zaie? Zer behar dute? Noraino hitz egin? Zer kontatu neskei? Zein kontu mutilei?", planteatuko da ikastaroan.

Gurasoen erreferentzialtasuna
Prebentzio lana egitearen garrantzia ere nabarmentzen dute Sexu Aholkularitza Gunetik, eta 0-11 adin tarte horretan, gurasoek seme-alaben aurrean duten erreferentzialtasuna. "0-11 urte bitartean, umeek  sexu identitatea eta harreman eredu nagusiak bereganatzen dituzte. Sexu estereotipoak: neskek eta mutilek egiten dutena, eta egin behar ez dutena, gustukoa izan dezaketena, harremanak eta dependentziak ... Hau da, normaren arau nagusiak bereganatzen dituzte. Estereotipo zurrunak, aniztasuna eta gizakiaren ezaugarri biografikoaren kontra egin dezake. Umeen identitateak, sexualitateak eta pareko harremanak, minduz. Bereziki garrantzitsua da gurasoekin edo bestelako atxikimendu-irudiarekin lan egitea. 0-12 urte bitarteko umeentzako erreferente nagusiak gurasoak dira, beraz, sexu-identitatea eta begirunezko harremanak eraikitzean, nahiz harreman erotikoekiko espektatibak eta desiraren norabidearen zehazteko orduan, gurasoek oso paper garrantzitsua jokatzen dute. Gurasoak, elkarbizitza unitatearen erreferenteak eta eskolako erreferenteak bat egingo balute, benetako prebentzio bidea jorra genezakeela uste dugu. Nerabezaroan eztanda egiten duen sexualitatea eta harreman eredua aurreko urteetan egunez egun eraikitzen joan da. Horregatik bereziki garrantzitsua da sexuak, rolak, estereotipoak, desirak, ardurak eta eskubideak guraso, hezitzaile eta aurre-nerabeekin lantzea", diote Sexu Aholkularitza Gunetik. 

Ikastaroak bost helburu nagusi bete nahi ditu: 

1. "Gurasoak, hezitzaileak … non kokatzen garen hausnartu, gure sexu estereotipoak, genero rolak, arriskuak, beldurrak, fantasmak … ikusi eta aztertu, gure heziketa  hauengatik baldintzatua baitago. Nahi gabe hori helarazten baitiogu".

2. "Sexualitatea aberasten gaituen balore bat dela ikustarazi".

3. "Seme-alaben, ikasleen, sexu ezaugarri orokorrak ezagutu".

4. "Garai bakoitzean zer landu beharko genukeen ikusi".

5. "Heziketarako klabeak eskuratu. Identitate anitzak, erotika, errespetuzko harremanak, ardurak eta eskubideak, potentzialak versus estereotipoak, kontzeptuak landu".