Bide gorriak eta bizikleta plana hizpide gaur, 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 7a, 00:00

Usurbilgo bizikleta planean sakondu eta Kaxkoko bidegorri sarea definitzeko bilera antolatu du Usurbilgo Udalak, gaurko 19:00etan Potxoenean. Udalerrian bizikleta sustatu nahi duen herritar orori zuzendua dago ostegun honetarako finkatua dagoen hitzordua. Bileran, argibideak ematen arituko dira; Ibon Goikoetxea Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikaria eta Ander Irazusta, Biziker enpresako mugikortasun aholkularia. 

Udalak landua duen herriko bidegorri sarearen plan zuzentzailea baliatuko dute, bilerako abiapuntu gisa. Hauxe, gaurko ekitaldiari begira, Usurbilgo Udaletik helarazi duten oharra:

USURBILGO BIZIKLETA PLANA

KAXKOKO BIDEGORRI SAREA

 

Jakina da, leku batetik bestera joateko, ibilgailurik eraginkorrena bizikleta dela. Horretarako ordea, lehenik eta behin bizikletari lekua egin behar zaio herriko kaleetan eta horrek hausnarketa eta plangintza bat eskatzen du.

Usurbilgo Udalak landutako herriko bidegorri sarearen plan zuzentzailetik abiatuta, Usurbilgo bizikleta planean sakondu nahi da eta zehazki kaxkoko bidegorri sarea definitu. Horretarako, lehen bilera deialdia otsailaren 7an, ostegunez, arratsaldeko 19.00 tan izango da, Potxoenean.

Bilera hauek, Usurbilen bizikleta sustatu nahi duen orori zuzenduta daude eta bertan izango da Ibon Goikoetxea, Udal ingurumen teknikaria eta Ander Irazusta, Biziker enpresako mugikortasun aholkularia.