Sorturen eratzeari loturiko herri batzarra astelehenean

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 7a, 00:00

Datorren astelehenerako, otsailaren 11rako, herri batzarra deitu du Usurbilgo Sortuk, iluntzeko 19:00etan Potxoenean. Antolakuntza eta funtzionamendu ereduari loturik aurkeztu diren emendakinak bozkatuko dira aipatu hitzorduan. Gai honi loturiko dokumentuak emendakin ugari jaso ditu, usurbileginez.com web orrialdetik berri ematen dutenez, "520 hain zuzen ere. Bozketari begira, 20 punturi egindako 31 emendakin alternatiboetan barnebildu dira. Horietaz gain. emendakin asko hobekuntzako emendakin gisa onartuak izan dira eta zuzenean ponentzia definitiboan txertatuak izango dira".

Antolakuntza eta funtzionamendu ereduari lotuta, eztabaida desberdinak eman direla gogorarazten dute Usurbilgo Ezker Abertzaletik: militantzia eredua eta Sortun parte-hartzea ulertzeko modu ezberdinak; barne korronteei dagokiena, hau da, Sorturen baitako espazio ideologiko ezberdinen parte-hartzea korronte bezala antolatu behar diren edo ez; borroka moldeen uztarketa eredua, hau da, nola uztartu era eraginkor eta egokian borroka instituzional, masa borroka eta borroka ideologikoa; politika feministaren garapenerako zer-nolako bitartekoak jarri behar dituen egiturak; hiriburuak eta eskualdeak egituratzeko proposamen ezberdinak. 

Asteleheneko herri batzarrean bozkatuko den emendakin sorta, sortu.net web orrialdeko "Ponentziak" atalean jaso dituztela berri eman dute Usurbilgo Ezker Abertzaletik. Herri batzarra, lau egun barru burutuko da.