Ikusgarria aurten ere, Udarregi Ikastolako ikasleen inauterietako emanaldia

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 8a, 00:00

Udarregi Ikastolako ikasleek inauterietan eskaini ohi duten emanaldiak mende laurdena bete du gaur. Eta 25. urtemuga ezin hobeto ospatu dutela esan liteke; beste behin, txalo zaparrada jaso duen ikuskizunaren lekuko izan dira, Oiardo Kiroldegira gerturatu direnak.  

Haur Hezkuntzako ikasleek euren zaku eta kukurutxoekin konkistatu dute, eskubaloiko pista goraino topera bete duen publikoa. Guraso asko tartean, argazki edota bideo kamerak eskutan, detailerik txikiena grabatu nahian.

Lehen Hezkuntzakoek zirko handian bilakatu dute Kiroldegia. Eta DBHkoek zinema erraldoian; Karibeko piratak, poliziak eta lapurrak, "Titanic"... Film ezagunen aitzakian, koreografia ikusgarriak taularatu dituzte.  

Gaurko ospakizunen ostean, merezitako atsedena hartuko dute ikasleek. Astelehen eta asteartean jai egingo dute Udarregi Ikastolan. Asteazkenean itzuliko dira normaltasunera.