Goiza goibel esnatu zaigu, euria gogotik bota du. Ondoan, gaur goizean Oria ibaiak zuen itxura. Hazita zetorren azken egunotan botatako euri eta kazkabar zaparraden ondorioz. Azken orduotako eguraldi kaxkarrak Usurbilen hasi berri ditugun inauterietako ospakizunetan ere eragin du. Udarregi Ikastolako ikasleek Oiardo Kiroldegian eskaini behar zuten ikuskizunaren aurretik, Lehen Hezkuntzakoak Kaxko eta Kalezar inguruan kalejiran aritzea iragarria zegoen. "Martxa" dantzatuz, desfilatzekoak ziren. Baina antolatzaileek aurreikusitako plana aldatu behar izan dute. Kalean ez zen eta giro.
Eta egoerak bere horretan jarraitu dezake datozen orduotan. Hala dio behintzat, Euskalmet-en iragarpenak: "Gaur neguko eguraldi makurra. Zaparradak etengabe botako ditu kantauri isurialdean, tarteka trumoitsuak izango dira eta kazkabarra egingo du, bereziki goizean. 500-700 m-tik gora zuritu egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta haizeguneetan, batez ere kostaldean eta Ebro bailaran bolada oso gogorrak izango dira. Tenperaturak ere behera egingo du apur bat eta giroa hotza eta ezatsegina izango da".
Bihar ospatuko den Inauteri Festarako hobekuntza espero da: "Larunbat arratsaldean eta gauean eguraldi lasaiagoa espero dugu. Dena den, goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, kantauri isurialdearen mendebaldean batez ere. Lurraldearen hegoaldean, giro hobea izango da; prezipitazio gutxiago espero da eta zerua ere argiago egongo da. Iparraldeko haizea ibiliko da, kostaldean eta mendi inguruetan tarteka gogor, eta Ebro bailaran ziertzoak ere gogor joko du. Gauean haizeak mendebaldera egingo du eta indarra galduko du. Tenperaturari dagokionez, ez dugu gorabeherarik espero, eta barnealdeko zenbait tokitan izotza egingo du".