Plan desberdinak antolatu dituzte astebururako Usurbilgo Gaztetxean. Ostiral gau honetarako, 22:00etatik aurrera saltsa tailerra. “Ondo pasa eta gorputza astintzeko gogoz al zabiltza? Hona hemen aukera paregabea!”, adierazi dute antolatzaileek. Tailerra “ondo pasa nahi duen edonorentzat” zuzendua dago. Prezioa, doakoa. “Azkenekoz saltsa gehiago dantzatzeko gogoz geratu ginenez, hona hemen berriz ere Latinoamerikako erritmo beroetan trebatzeko beste aukera bat. Kolonbiako, Nikaraguako eta Kubako irakasleak izango ditugu, eta denontzat debalde izango da. Zer ekarri behar den? Dantzarako eta ondo pasatzeko gogoa baino ez, eta noski, lotsak etxean jasota utzi!”, luzatu dute gonbita gaztetxekoek.
Jazz kontzertua, hilaren 24an
Larunbat gauerako bestalde, kontzertu gaua antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. Gaueko 23:00etatik aurrera, Sarkor, Tooth eta Mörghead taldeek joko dute Alkartasuna kooperatibako egoitza ohian.
“El Inigualable Grupo Combo” jazz taldearen emanaldia ere antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, otsailaren 24rako, iluntzeko 19:00etan gaztetxean bertan. “Beraien musika jazzaren koordenadatan lerrokatzen dute. Animatu musika zaharraz gaztetxe berrian gozatzera!”, luzatu dute gonbita.