Karrozak, musikariak eta umore ona larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 11a, 00:00

Mozorro festa egun argiz ospatzeko deialdia egina zegoen, eta deialdiari erantzunez, giro goibela izan arren,  larunbat eguerdian kolorez jantzi zuten Kaxko ingurua hainbat herritarrek. Beste behin, halako ekimenetarako lagun taldeek duten garrantzia azpimarratu behar. Koadrila ugari mozorrotuta atera ziren kalera: orkestak, rockeroak, txistulari banda erraldoi eta guzti, mexikar mariatxiak...  Aipatzekoa, Inauteri Festaren azken edizio hauetan, karrozak hartzen ari diren nagusitasuna. Geroz eta koadrila edo lagun arte gehiagok prestatzen dituzte karrozak, gero kalejiran ibiltzeko. 

Iaz baino jende gutxiago izan zen bazkaltzen. Aurreko urteetan afari baten bueltan ospatu izan da Inauteri Festa, aurten estreinakoz bazkaria antolatu da. Bazkalostean kalean jarraitu zuen festa giroak, ateri zen tartean behintzat. Baten baino gehiagorentzat festa goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen.

Inauterietako irudiak ikusgai izango dituzue datozen egunotan, web orrialde honetako "Argazkitegia" atalean.