Negu erdia alerta egoeran daramagula esan liteke jada. Alerta deia egin dutenetan, alerta horian egon izan gara sarri azken hileotan. Gaurkoan ordea ez. Ostarte eta eguzki izpi artean esnatu bagara ere, euriteengatik gaur arratsaldeko 18:00etatik bihar arratsaldeko 18:00ak arte, alerta naranja indarrean izango dela iragarri dute Euskalmet-ekoek, "24 orduan 80 l/m2 baino gehiago pilatzeari dagokion alerta laranja kantauri isurialdean. Egunaren bigarren zatian zaparrada txiki-ertainak sarri botako ditu eta ugariak izango dira, bereziki gauean eta ekialdean. Trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra egingo du".
Aipatu moduan, alerta naranjak, momentuz behintzat 24 ordu iraungo ditu. Baina ez da datozen orduotarako, eta euriteengatik indarrean jarriko duten alerta bakarra. "Ordu betean 15 l/m2 baino gehiago pilatzeari dagokion abisu horia" ere izango baitugu. Eta hau gutxi ez eta, ipar-mendebaldeko haizeak 100 kilometroko abiadura harrapa dezake haizeguneetan, 70-80 kilometroko abiadura haizeguneak ez diren lekuetan.
Egoera honekin, meteorologia agentziatik diotenez, "Gaur negua bueltatuko da. Zerua oso hodeitsu egongo da eta arratsaldean euria barra-barra egingo du. Litro kopuru handiena kantauri isurialdean eta ekialdean pilatuko da. Gainera ipar partean bereziki, ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Elurra 600-700 m-tik gora egingo du baina noizbehinka 500 m-ra ere zuritu dezake. Ipar-mendebaldeko haizeak indartsu joko du eta kostaldean eta mendi inguruetan haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute. Tenperatura maximoak jaitsiko dira eta 9-10 ºC inguruan ibiliko dira kostaldean eta 5-7 ºC-ren bueltan barnealdean".
Biharko ere, antzerako eguraldia espero da. "Biharko ez dugu aldaketa nabarmenik espero. Giro goibela eta bustia izango dugu, goizean euriak ez digu atsedenik emango eta kantauri isurialdeko zenbait lekutan iraunkorra izan daiteke, ekialdean batik bat. Elur-kota goizean goiz 500-600 m inguruan kokatuko da eta baina gainontzeko orduetan 800-1000 m inguruan kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haizeak goizean gogor joko du, baina arratsaldean nabarmen baretuko da. Eguneko tenperatura astelehenekoaren antzekoa izango da", diote Euskalmetek.
Asteazkenean egoera baretzen hasiko omen da. Informazio eguneratua, euskalmet.net web orrialdean.