Ordu zailenak pasa diren arren, alerta egoeran jarraituko dugu

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 12a, 00:00

Urtea hasi zenetik ia egun guztiak euripean bizi izan ditugu, eta horietatik beste hainbat alerta egoeran. Alerta horian gehienetan, baina atzotik alerta naranjan gaude eta hala jarraituko dugu gaur arratsaldeko 18:00ak arte, metro karratuko 80 litro ere pilatu daitezkeelakoan. Hortik aurrera, bihar gauerdira arte alerta horira igaroko gara, Euskalmet-en arabera. Metro karratuko 60 litro baino gehiago bota ditzakeelako 24 orduko tartean. 

Azken orduotako ekaitzak Bizkaia kolpatu du bereziki euritan, eta Euskal Herriko beste hainbat txoko, Gipuzkoa barnealdea tartean, elurretan. Usurbili dagokionez, Oria ibaia hazita dator beste behin. Baina orain arte behintzat, ez da bere bidetik atera. "Arratsaldean atertzeko joera hartuko du apurka-apurka", Euskalmet-etik diotenez. Ekaitzaren ordu okerrenak atzean utzi ditugula dirudi.

Bihar, otsailak 13, Euskalmet-etik diotenez, "euria egingo du berriro baina,oro har, euri txikia izango da eta elurra tontor altuenetan baino ez du egingo. Euria goizean zehar egingo du batez ere eta arratsaldean kantauri isurialdean euria egingo du soilik". Etzirako, hobekuntza espero da.