2013rako udal aurrekontuak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 12a, 00:00

Orain bai, behin betiko onartu ditu Udalak hasi berri dugun urte honetarako aurrekontuak. Atzo burutu zen ezohiko osoko bilkuran izan zen. Urtarrilaren 9an hasierako onarpen bozketan izandako emaitza bera errepikatu zen; Bilduren eta Aralarren babesarekin aurrera atera dira aurtengo aurrekontuak. PSE-EE eta Hamakaibat aurrekontuen aurka agertu dira.

Hasieratik behin betiko onarpenera arteko bidean, jendaurrean egon den epean hain zuzen, herritar batek aurkezturiko alegazio bat egon da. Alegazio hau aintzakotzat ez hartzea erabaki zen bozketa berean. Hezkuntza alorrari loturiko alegazio bat zen, eskola publikoaren ingurukoa. 

Hamaikabat taldetik Luismari Ormaetxeak Aukera taldekoak aurkezturikoa zela berri eman zuen. Herrian eskola publikoa izateko bideragarritasun txostena egiteko 24.000 euroko diru partida eskatzen dute. “Ez da halakorik egiten den lehenbiziko aldia. (Udarregi Ikastolako) Hirugarren eraikinaren bideragarritasun diru kopuru garrantzitsua jarri zen. Hura ontzat eman zen moduan”, honako eskaera hau ere ontzat eman beharko litzatekeela adierazi zuen. Eskaera onartzen ez bazen, aurrekontuen aurka bozkatu zutela. PSE-EE-ko ordezkariak ere ildo beretik, aipatu alegazioarekin bat egin zuen.

Aralarretik Joxe Ramon Furundarena bozeramaileak alegazioaren aurrean abstenituko zirela iragarri zuen. Aurreko Eusko Jaurlaritzak Usurbilen eskola publiko bat izatea euren lehentasunen artean ez zegoela esan arren, Gasteizko gobernura heldu berri den taldeak zer dioen argitu zain geratu nahi dute Aralarren. Bide batez, gogorarazi zuenez, herrian eskola publikoa izatea defendatu duen Harrera taldekoak hileotan zehar burutu den hezkuntza alorreko parte hartze prozesura gonbidatuak egon direla gogorarazi zuen. Baina arrazoi ezberdinengatik “ez dira agertu” zioen, eta pena zela.

Balorazio erronda borobiltzeko, gobernu taldeak hartu zuen hitza. Etorkizuneko hezkuntza eredu bateratua adosteko udalerri honetan urrian martxan jarritako prozesua ekarri zuen gogora Alaitz Aizpurua zinegotziak. Aukeran taldekoekin hartu emanetan jarri zirela, baina euren erantzuna, Udalak antolaturiko ekimen honen harira osaturiko talde eragilean eta parte hartze prozesuko bileretan ezin zutela parte hartu izan zela. Bestalde, eskola publikoaren inguruko argibide gehiagoren berri eman zuen Aizpuruak. Batetik Udala PSE-EE alderdiak agintzen zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri eta bildu zirela, eta euren lehentasunen artean ez zegoela Usurbilgo eskola publikoari loturiko egitasmorik epe motz eta ertainera. Gaineratu zuenez, “hezkuntza eskaintza anitza da Usurbilen” eta tartean, bada hezkuntza eskaintza publikorik. “Benetako publikotasuna defendatzen jarraituko dugu” iragarri zuten, eta baita “baliabideak bilatzen jarraituko” dutela. Hezkuntza Sailarekin ahalegin berria egin asmo dutela adierazi zuen. 

Azken urteotako aurrekontu baxuenak
Urtarrilaren 9an hasieraz onartu zirenean aldizkari honetan berri eman bezala, guztira 9.935.600 euro izango ditu Udalak aurtengo gastuei aurre egin edota inbertsioetarako. Azken hamarkadako aurrekontu baxuenak ditugu 2013koak.