Akabo alerta egoera

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 13a, 00:00

Alerta horia emana zuten gaurko zonalde honetarako, baina hori koloreko abisua indargabetu du Euskalmet-ek. Honenbestez, "arriskurik gabeko" egoeran gaude jada. Halere, "gaur euria egingo du berriz, kantauri isurialdean bereziki. Zerua estalia egongo da eta euria maiz egingo du, ipar parteko zenbait tokitan etengabe. Tenperatura igo egingo da, baita elur-kota ere; goizean 1000 metro inguruan ibiliko da baina arratsaldean 1500 m-tik gora kokatuko da. Haizea ipar-mendebaldetik etorriko da, ahul-bizi".

Bihartik aurrera eguraldia hobetzea espero da. Eguna euria eginez esnatu badaiteke ere, Euskalmet-en iragarpenaren arabera, "eguerdi partean eta arratsaldean, ordea, ateri eutsiko dio. Goizean, zerua oso hodeitsu egongo da eta euri pixka bat egingo du. Eguerdian mendebaldetik ekialdera atertzen joango da eta ostarteak zabalduko dira. Gauean, berriz, hodeiak bueltatuko dira eta egunaren amaieran zirimiria egingo du ipar partean. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira eta kostaldean 13 ºC-ren bueltan kokatuko dira eta 9-10 ºC-ren inguruan barnealdean". 

Eta adi, ostiral goizean euri pixka bat egin ostean, arratsaldean eguzkiaz gozatzeko aukera izango da. Eta asteburua ere, tankera beretik joango omen zaigu.