Jokabide on bezala aztertuko du Europako Parlamentuak, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 13a, 00:00

Eguna jarria dago jada. Martxoaren 7an, hondakinen kudeaketa alorrari loturiko jokabide onak aztertzeko mintegia burutuko dute Bruselan, Europako Parlamentuan. Europako Batasuneko Ingurumeneko komisario Janez Potocnikek parte hartuko du bertan. Mintegira, Gipuzkoako Foru Aldundia gonbidatu dute. Bertan izango da Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua. Gipuzkoako hondakinen kudeaketa ereduaren berri emango du Bruselan. 

Ez hori bakarrik. "Gipuzkoak hiru gai nagusi jarriko ditu mahai gainean Bruselan: lehenik, Foru Aldundiaren estrategia, errauskailua eta zabortegi kutsakorrak alde batera uzten dituena; bigarrenik hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten birziklapen maila altuak eta azkenik, zero zabor herri bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea. Esperientziaren berri emateaz gain, Gipuzkoako ordezkaritzak bitariko bilerak egingo ditu ondoren", dio Foru Aldundiak kaleratu berri duen prentsa oharrak.

Herrialde honez gain, tokiko beste bi esperientzien berri jasotzeko aukera izango dute Europako legebiltzarkideek. Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, "Italiako Cappanori udalerriarena, Flandriakoa eta Gipuzkoakoa". Aldunditik berri eman dutenez, "Cappanori aitzindaria da zero zabor norabidea eta atez ateko bilketa sistema ezartzen; bertako alkatea ariko da Bruselan. Flandriak, bestalde, % 75 inguruko birziklatze tasa du. Ez hori bakarrik: biztanleko sortutako hondakinak % 70 jaistea lortu du. Flandriako Ingurumen Agentzia Publikoaren ordezkaritza batek hitz egingo du Europako Parlamentuan. Esan bezala, hirugarren esperientzia Gipuzkoakoa izango da".

"Europan eredugarri denak ezin du hemen liskar iturri izan"
Ingurumen diputatuak iragarri du gaur goizean, martxoaren 7ko mintegia. Bere esanetan, "argi dago hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako esperientzia eredugarri ikusten dutela Europan. Gipuzkoako Foru Aldundia eta gure herrialdeko gero eta sektore zabalago bat egiten ari garen apustua zuzena da, arduratsua, eta bat egiten du erabat Europak ezarritako helburuekin, irizpideekin eta lehentasunekin”. Horregatik, Ingurumeneko diputatuak arrazionaltasunerako eta adostasunerako deia egin du: “Europan eredugarri denak ezin du hemen liskar iturri izan. Europan eredugarri dena ezin da hemen lehia politikorako tresna izan. Arduraz joka dezagun denok: erakundeok, alderdi politikoek, komunikabideek eta jendartearen eragileek. Begira diezaiogun Europari eta ondorioak atera ditzagun”.   

Foru Aldunditik gogorarazten dutenez, honakoa ez da Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua Europan hizpide duten lehen aldia. "Gogoan izan iazko irailean Iñaki Errazkin diputatuak, Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendariak eta Juan Carlos Alduntzin kabineteburuak bilera egin zutela Janez Potocnikekin eta haren bulegoko bi kiderekin, eta hiru ordezkariok oso interesgarritzat jo zutela Gipuzkoan egiten ari den bidea", berri eman du Foru Aldundiak.