18. Korrikaren harira Usurbilen antolatu asmo diren ekimenei begira, Korrika Batzordea, datorren asteartean, otsailaren 19an bilduko da berriz, iluntzeko 20:00etatik aurrera Etumeta AEK euskaltegian.
Korrikaren aldeko ginkana larunbatean
18. Korrikaren harira Euskal Herri mailako ginkana bat antolatu dute; “Lekukoaren Bila Ginkana”. Egunotan udalerrietako kanporaketak jokatuko dira, tartean, Usurbil eta Lasarte-Oriakoa. Larunbat honetan, arratsaldeko 17:00etan hasita Usurbilen.
Bi udalerriotan, sei talde osatu dira guztira. Lehiakideek herrian zehar, hainbat proba burutu beharko dituzte. Ginkana antolatzeaz Itaya Gazte Asanblada arduratu da.
“Frogei dagokionez, denetarikoak izango dira, esfortzu fisiko apur bat, talde lana , punteria ona izatea, koordinazioa, oreka, trebetasuna, lotsarik ez izatea... eskatzen dutenak. Joko bakoitzak ondo egin ostean pista bat jasoko du talde bakoitzak, pista honek beste leku batera eramango du taldea eta bertan beste jolas bat proposatuko zaie. Jolasa egin ostean berriro beste pista bat jasoko dute lekukoa aurkitu arte. Talde Irabazlea, proba guztiak lehenago amaitzen dituen taldea izango da”, berri eman dute antolatzaileek.
Eskualde eta udalerrietako lehen saioen ostean, Gipuzkoa mailako kanporaketa ospatuko da martxoa hasieran. Eta final handia, martxoaren 24an, Baionan. Korrika 18 helmugara ailegatuko den egunean hain zuzen.