Otsailaren 23an Mundubat eta Usurbilgo Gaztetxeak antolaturiko hitzaldira gonbidatu dute Luis Plaza Velez sindikalista kolonbiarra. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Kolonbiako bake-prozesua hizketagai hartuta, berarekin solasean aritzeko aukera izango da Gaztetxean.
Azaroan ospatu zen Usurbilgo V. Elkartasun Astean egon zen CUT sindikatuko ordezkaria. Udaletxean harrera ekitaldia antolatu zioten, eta ondoren, Sutegiko auditorioan hitzaldia eskaini zuen abiatzear zen Kolonbiako bake-prozesuaren inguruan. Tarte horretan, NOAUA!rako elkarrizketatu genuen. Hona hemen, azaroan kaleratu genituen galdera eta erantzunak, bere osotasunean:
Luis Plaza Velez, sindikalista kolonbiarra Usurbilen:“ Prozesuak, gizarte zibilaren parte hartzearekin amaitu beharko luke.”
Astelehenean, FARC-ek bi hilabeteko su etena iragarri zuen, gatazka konpontzeko Kolonbiako Gobernuarekin bosgarrenez elkarrizketa prozesua Kuban hastera zihoazen egun berean. Nazioartea, Kuban gerta litekeenari begira dago egunotan. Baita noski, kolonbiarrak ere. Berriki, Usurbilen ospatu den V. Elkartasun Astearen baitan, hirugarrenez, mehatxupean bere sorterria utzi behar izan duen Luis Plaza Velez sindikalista kolonbiarrak hitzaldia eskaini zuen. Lehenago, harrera egin zitzaion udaletxean, Usurbilgo Elkartasun Taldeko kideak eta udal ordezkaritza bat bertan zela. Bertan tartea hartu genuen, hasi berri den prozesu honi buruz, gertutik bizi izan duen sindikalistarekin hitz egiteko.
Nola ikusten duzu prozesu honen abiatzea?
Konfiantza dut politikan. Herritarren aurrerapenean, ongizatean eta garapenean eragingo duen prozesu luzea izango da. FARCeko problematikaz hitz egingo da. Baina eredu ekonomikoaz baita; langileak lan duin bat izatea, soldata duin bat, nekazariei lurrak ematea, teknologia nekazal lurretara eramatea bere garapen ekonomikorako….
Eredu sozio ekonomikoa dago jokoan prozesu honetan?
Hori da prozesu honen hondoa. Kubako negoziazioetan, estrategia berri batekin, nor den nor, bakoitzak zer nahi duen, eta prozesuan aurrera egiteko benetako borondatea nork duen eta nork ez ikusteko aukera izango du nazioarteak. Prozesu konplexua izango da, ez da ezer lortuko gauetik goizera. Baina baikorrak ez bagara, zertarako eseri orduan? Zertarako hitz egin? Esertzen bagara, zerbait egin daitekeenaren adostasun bat dagoelako izango da.
Borondateari dagokionean, nola ikusten duzu gatazkan inplikatua dagoen alde bakoitza?
Borondatea FARC-ek du. Ziur naiz eurek borondatea izango dutela. Gobernuak ez du borondaterik izango, baina presioagatik amore ematea tokatzen zaie, nazioartea prozesu honi begira baitago. Esperantza ez dugu galtzen. Baina jada nazio mailan badagoen presio hori indartzen ez bada, eta are gehiago nazioarte mailan, hor bai esperantza galtzeko moduan gara. Presioa badago, aurrerapauso izugarria emango dela ziur gara.
Hezitzailea eta sindikalista zara. Gizarte eragileek zer funtzio izan behar lukete prozesu berri honetan?
Kolonbian gehiengoa duen CUT sindikatuaren kasuan, Gobernuari kolonbiarrentzat positiboa izango den zerbait atera beharra dagoela, eskatua dio. Sindikatuko sektore ia denek ere adierazpenak egin dituzte.
Gatazka honek, biktima asko utzi ditu bidean. Tartean zu zeu?
1984an izandako “Union Patriotica” izeneko mugimenduan bizirik irtendakoetako bat naiz. Mugimendu honen sorrera ezabatzeko, 3.000 lagunetik gora hil dituzte. Orain arte, prozesu bat egon denean, prozesu bakoitzak berehala errepresioa dakarrela erakutsi digu. Halere, oraindik, borrokan jarraitzeko zutik gaude.
Bosgarren saiakera da hau, baina ez duzue esperantza galtzen?
Ni orain hemen nago. Baina neure herrialdera itzultzean, borrokan jarraituko dut, eta indar handiagoz.
Prozesu honek nola amaitu beharko luke?
Bada interesgarria den zerbait, Gobernuak prozesuaren denbora aztertzeko esan du, prozesuak zenbat iraungo duen zehaztu beharra baitago. Muga bat egon behar du. Gobernuak prozesua luzatu nahi du, estrategikoki berriz hautatua izateko komeni baitzaio. Guk prozesuaren iraupenari muga bat jarri behar zaiola diogu. Nahikoa izan dadin, elementu batzuk argitara ateratzeko. Hori lortzeak, prozesua finkatu eta jarraitzea ahalbidetuko du. Prozesuak, gizarte zibilaren parte hartzearekin amaitu beharko luke.
Prozesu hau, Euskal Herrirako adibidez, erabilgarri ikusten duzu? Zer ikas dezakegu?
Hau, Kolonbia barruko gatazka bat da. Baina ekonomiaren eta harremanen ikuspuntutik, muga kolonbiarrak gainditu dituen gatazka da. Hasteko, inguruetako herrialdeei eragiten die, eta bigarrenik, urruneko herrialdeei, Europa, Asia edota AEB-ri. Honenbestez, prozesu honen esperientzia, herri guztiek, Euskal Herriak tartean, tentuz aztertu beharko lukete, etorkizunera begira baliagarria izan baitaiteke. Anaitasun agur bat herri euskaldunarentzat, tentuz jarrai dezatela Kubako prozesua eta zuen prozesu propiorako baliagarri izan dadila. Globalizazioa, hainbat gatazkaren konponbidea zela ulertarazi nahi izan ziguten, baina argi geratu da ez dela konponbidea. Burgesia ere ereduz aldatu beharra dagoela jabetu da, eta hori da hain zuzen, guk, herriok baliatu behar duguna.