Usurbilen badira astero, euskaraz hitz egiteko biltzen diren ikasle eta euskaldun zaharrak, mintzalagun taldeak alegia. Egitasmoa are gehiago hedatu nahi dute orain, Udarregi Ikastolara hain zuzen. Ikastolako gurasoen artean mintzalagun taldeak osatzeko gonbita luzatu dute, helburu nagusi batekin; "Euskara ikasten ari diren gurasoei euren euskara maila hobetzeko aukera" emateko asmoz. Baina baita, lagun artea zabaldu edota ikastetxeko gurasoen arteko giroa euskaldundu nahian ere. Gogorarazten baitutenez, "egunero, astelehenetik ostiralera, umeak ikastetxean dauden bitartean edo irten ondoren?ordu asko ematen ditugu gurasoak elkarrekin (parkean, ikastetxeko patioan...)".
Euskaraz aritzeko gogoa izatea, parte hartzeko baldintza bakarra
Interesdunek izen emate orria Udarregi Ikastolako idazkaritzan utzi dezakete edo nork bere datuak eman Etumeta AEK euskaltegira deituta, 607 609 379 telefono zenbakira hain zuzen. "Zerrendak osatzen direnean, zuekin jarriko gara harremanetan", berri eman dute ikastolako web orrialdetik. Gogoan izan, mintzalagun egitasmoa astean behin ordubetez, euskaraz aritzeko talde txiki batean biltzean oinarritzen da. Taldea, euskara ikasten ari direnek eta euskaldun zaharrek osatzen dute. Doakoa da noski, eta eskatzen den gauza bakarra, "euskara ikasteko eta?erabiltzeko gogoa da!".
Ikastolan modu honetan bideratu nahi dute Mintzalagun egitasmoa. "Gurasoon artean talde txikiak sortuko ditugu; euskaraz dakien jendea eta ikasten ari?direnak elkartuko gara, talde bakoitzak jarritako ordutegi eta egunetan, euskaraz hitz egiteko.?Taldeak osatzeko gure interesak eta zaletasunak ere kontuan izango ditugu, taldeetako giroa?gustukoa izan dadin. Taldeak 3 edo 4 lagunekoak izango dira eta Udarregi ikastolako?gurasoekin osatuko ditugu. Gogoratu euskaldun zaharren laguntza ere ezinbestekoa dela,?beraz, euskara ikasten ari zaretenak nahiz euskara badakizuenak ANIMATU!!!!", luzatu dute gonbita Udarregitik.