Atez atekoa, beste 10 udalerrietara zabaltzear

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 14a, 00:00

Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan biltzen dira egun hondakinak, atez ate. Gipuzkoako beste 34 udalerriek sistema bera aplikatzeko konpromisoa hartu zuteneko lehen urteurrena betetzear da. Urtemuga honen bueltan, jada atez atekoa martxan jartzera doazen udalerrietako herritarrek agerraldia burutuko dute larunbatean, Villabonan. Goizeko 11:30etarako finkatu dute hitzordua, udaletxe aurreko plazan, Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) mugimenduaren web orrialdeak berri eman duenez. "Han izango dugu herritarrek arazoaren konponbidearen parte izan nahi dugula aldarrikatzeko aukera", adierazi dute GZZ-tik. 

Hitzordu horretara deituak daude, hemendik gutxira atez atekoa martxan jarriko duten udalerrietako herritarrak: Lezo, Astigarraga, Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Oñati, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura eta Zizurkilgoak. Gipuzkoa zero zabor lurralde izan daitekeela diote, "zergatik ez saiatu?" galdetzen dute.

"Arazoaren irtenbidearen parte izatea dagokigu"
"Gure herriek, Gipuzkoan hondakinen kudeaketa txarraren ondorioz jasaten dugun arazoari aurre egiteko konpromezua hartu dute. Asko dira, errauste planta eraiki nahi dutenek bilketa eraginkorraren aurka zabaldu dituzten zurrumurru eta gezurrak. Gure herkideen artean beldurra zabaldu nahi izan dute kontrako jarrera azal dezagun. Asko gara arduraz jokatu eta arazoa konpondu behar dela uste dugun herritarrak. Guk zaborra sortzen dugun neurrian arazoaren parte gara, eta arazoaren parte garen neurrian arazoaren irtenbidearen parte izatea dagokigu. Badakigu hori posible dela. Hainbat tokitan frogatu dute gaur egungo egoera irauli daitekeela ohitura aldaketa xinple batzuekin", berri eman dute GZZ-tik.

Usurbildar, antzuolar, oiartzuar eta hernaniarren agerraldia, atez atekoaren alde eta "gezur erauntsiaren" aurka
Atez ateko bilketa indarrean duten udalerrietako hamarnaka lagun bildu ziren otsailaren 2an Hernanin, sistema honen alde egiteko. Atez atekoaren inguruan esaten ari diren gezurrak salatu eta beste behin Gipuzkoa zero zabor lurralde izatearen aldeko apustu garbia egin zuten.

Gezur guztien gainetik atez atekoa sistema eraginkor eta justua izateaz gain, sistema eroso, garbi eta merkea ere badela, eta herri guztiak bide horretatik joanez gero, erraustegi eta zabortegi toxikorik gabeko Gipuzkoa edukitzea lortuko dugula, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izatea lortuko dugula”, adierazi nahi izan zuten Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak deituriko agerraldian.

Usurbildarrak, hernaniarrak, oiartzuarrak eta antzuolarrak bildu zituen hitzorduan, atez atekoa jasaten ari den “gezur erauntsia” salatu zuten. Bai garai batean, udalerriok bilketa sistema honen “aldeko apustua egin zutenean”, baita orain ere atez atekoa jarri asmo dagoen beste udalerrietan gertatzen ari den moduan. “Gezurrak entzuteaz nazkatuta gaude. Batzuk errauste planta kutsakor eta garesti bat egiten tematu direlako, bilketa sistema bikain bati horrenbeste oztopo jartzeaz nekatuta. Gernika ez zuten gorri separatistek erre, Lemoizko zentral nuklearra eraiki ez zelako ez gara azak jatera mugatuta bizi, Iraken ez zegoen suntsipen handiko armarik eta Atez Atekoa ez da sistema zikin, deseroso eta garestia. Batzuk zein besteak gezurrezko propaganda dira, errausketaren bultzatzaileek ezinbestean erabili beharrekoak, soberan dakitelako egiak jendea komeni ez zaien erabakiak hartzera eramango lukeela”, adierazi zuten.

Gogorarazten dutenez, “atez atekoa ezagutzeko pribilegioa daukagunok, badakigu gauzak oso bestelakoak direla, bizimodu erabat normala egiten segitzen dugula, diferentzia nabarmen batekin: gure herrietan hondakinak zabor izateari utzi eta baliabide bihurtu dira. Ondorioz, zabortegiak dituzten herrietara lehen baino askoz ere zabor gutxiago bidaltzen dugula ikusten dugu, inork nahi ez dituen instalazio horiek hartzen dituzten herrietako biztanleekin daukagun zorra ahal dugun neurrian kitatuz”.