Gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ingurumen Batzordea bildua zegoen. Eguneko gai zerrendan, besteak beste, hondakinen kudeaketa eredua. Alor honetako diputatu Iñaki Errazkinek gainerako alderdiek kontu hauei lotuta zituzten galderak erantzuten ari zen artean, kanpoan, Batzar Nagusiek Donostiako Miramonen duten egoitza atarian, koloretako haize errotak eta errausketaren aurkako txartelak eskutan, hainbat eragile ordezkatzen dituen herritar talde bat bildu da.
Azken aldian zenbait hedabideek kaleratu dituzten albisteak baloratu dituzte burutu duten agerraldian. Errauste plantaren finantzaketa hartu dute ahotan, zehazkiago, swap izeneko “finantza produktu espekulatiboa”. Salatu dutenez, “bakarrik 9 milioi erabili eta 90 milioiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz”. Hizpide izan dute baita, errauste planta eraiki asmo duen enpresa taldea eta, aurreko legegintzaldian Foru Aldundian egondako arduradunek egin eta hedabideetan argitara eman den “angula jana”. Beste behin, administrazioak herritarren interesak babestu beharra dituela adierazi dute, aipatu adierazpen honen sinatzaileek; Eguzki, Ekologistak Martxan, Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinadora, Gipuzkoa Zero Zabor eta Greenpeace eragileek.
Jarraian, bere osotasunean, euskaraz Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko ordezkari Ainhoa Arrospide usurbildarrak eta Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinadorako bozeramaile Maria Luisa Sanchezek erdaraz, hedabideen aurrean irakurri duen adierazpena:
ERAGILEEN PRENTSAURREKOA SWAP, ANGULAK ETA ENPRESEN ADIERAZPENEN AURREAN
Azken asteetan argitara atera diren zenbait berriren inguruan egiten dugun hausnarketa jakitera eman nahi dugu adierazpen hau sinatzen dugun gizarte eragileok. Errauste plantaren finantzaketarekin lotutako swapa, finantzaketa lotu izana ospatzeko arduradun politiko eta bankuetako ordezkariek diru publikoarekin egindako angula jana, eta errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresek plaza publikora egin duten agerraldia dira ondoren komentatuko dugunaren oinarri.
Hasieratik salatu izan dugu errausteko proiektu kutsatzaileak ez diola Gipuzkoako gizartearen beharrei erantzuten, herritarren diruaren kontura aberasten segi nahi duen lobby ekonomiko baten diru goseari eta honek politikan eta medioetan eragiteko daukan gaitasunari baizik.
Bankuekin finantziazio kontratua sinatu ondoren, orduan diputatu nagusi eta GHKko administrazio kontseiluko lehendakari ziren Markel Olano eta Carlos Ormazabal, bankuetako ordezkariekin, diru publikoz ordainduta, angulak jatera joatea anekdota penagarri bat baino askoz gehiago da. Errausketaren aferaren atzean zer dagoen islatzen du garbiki. Baldintzak nork jartzen dituen eta nork obeditzen duen erakusten du gertaera horrek. Baldintzak enpresa handiek eta bankuek jartzen dituzte. Obeditu eta gonbidatu orduko agintariek. Ordaindu herritarrek. Bai angulekin, bai errauste plantarekin. Eskema berbera da.
Swap izeneko finantza produktu espekulatibo hori sinatu izana ere eskema horretan kokatu behar dugu. Batetik, bankuei egiten die mesede. Bakarrik 9 milioi erabili eta 90 milioiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz. Bestetik, errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresei egiten die mesede. Eraikitze lanak aurrez finkatutako egutegi baten arabera eraikitzera behartzea da swap horren xede garrantzitsuenetarikoa. Inork bere herrian nahi ez duen, eta beharrezkoa ez den errauste planta garestia eraikitzeko erabakia hauteskunde emaitzetatik blindatzea zen bere helburua, swapa bertan behera uzteak eragingo lituzkeen kosteak, produktua sinatu dutenei beharrean, zilegi eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko lituzketenei leporatzea estrategia.
Azkenean, errauste planta eraikitzearen onuradun zuzenak azaldu dira publikoan. Ez da jende oldea kalera irten errauste planta egin dadin eskatuz, ez. Errauste planta eraiki eta kudeatuko duen enpresa taldeak altxa du ahotsa. Oraingoan bitartekorik gabe. Itzaletatik atera eta zuzenean erakutsi dute aurpegia. Mehatxuka hasi zaizkio GHKko presidenteari. Kaparrak biktimaren odola xurgatzen duen bezala, herritarren diruaren kontura negozio segurua egiteko ametsa arriskutan ikusteak aztoratu ditu. Beraien trikimailu guztiak hankaz gora doazela ikusi eta oldartu egin dira. Ez daitezela ausartu! Hara hor, 10 urteko amesgaizto honen bultzatzaileak biluzik jendaurrean.
Hemen sinatzen dugunok, administrazioak erabakiak herritarren interesei begira hartu behar dituela aldarrikatzen dugu, eta era berean, herritarrak bestelako interes kaltegarrietatik babestu. Errausketa, tratamendu zaharkitu, garesti, kutsakor eta arriskutsua da. Badira hondakinak kudeatzeko era osasungarriago, merkeago eta jasangarriagoak. Bada garaia proiektu kaltegarri hori behin betiko bertan behera uzteko eta Gipuzkoan herritarrak, osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa eredua gauzatzeko.
Eguzki
Ekologistak Martxan
Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinadora
Gipuzkoa Zero Zabor
Greenpeace