Usurbil eta Lasarte aurrez aurre bihar, Korrikaren aldeko ginkanan

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 15a, 00:00

18. Korrikaren harira Euskal Herri mailako ginkana bat antolatu dute; “Lekukoaren Bila Ginkana”. Egunotan udalerrietako kanporaketak jokatuko dira, tartean, Usurbil eta Lasarte-Oriakoa. Larunbat honetan, arratsaldeko 17:00etan hasita Usurbilgo Kaxkoan.

Bi udalerriotan, sei talde osatu dira guztira. Lehiakideek herrian zehar, hainbat proba burutu beharko dituzte. Ginkana antolatzeaz Itaya Gazte Asanblada arduratu da.

“Frogei dagokionez, denetarikoak izango dira, esfortzu fisiko apur bat, talde lana , punteria ona izatea, koordinazioa, oreka, trebetasuna, lotsarik ez izatea... eskatzen dutenak. Joko bakoitzak ondo egin ostean pista bat jasoko du talde bakoitzak, pista honek beste leku batera eramango du taldea eta bertan beste jolas bat proposatuko zaie. Jolasa egin ostean berriro beste pista bat jasoko dute lekukoa aurkitu arte. Talde Irabazlea, proba guztiak lehenago amaitzen dituen taldea izango da”, berri eman dute antolatzaileek.

Eskualde eta udalerrietako lehen saioen ostean, Gipuzkoa mailako kanporaketa ospatuko da martxoa hasieran. Eta final handia, martxoaren 24an, Baionan. Korrika 18 helmugara ailegatuko den egunean hain zuzen.

Korrika Batzordea, asteartean
18. Korrikaren harira Usurbilen antolatu asmo diren ekimenei begira, Korrika Batzordea, datorren asteartean, otsailaren 19an bilduko da berriz, iluntzeko 20:00etatik aurrera Etumeta AEK euskaltegian. 

Martxoaren 23an helduko da Korrika 18
Ezagutzera eman dute antolatzaileek, martxoaren 14tik 24 ospatuko den 18. Korrikaren ibilbidea. Euskararen aldeko lasterketa helmugara ailegatu bezperan igaroko da Usurbildik, martxoaren 23an, larunbatarekin. Aspaldiko partez arratsaldez gainera. Antolatzaileek iragarri dutenez, Orio aldetik etorriko dira lasterkariak. 18. Korrikak 15:50 aldera zapalduko du Aguinaga. Euskararen aldeko lasterketa 16:33 inguruan iristekoa da Usurbila. Kaxkotik Santuenearako bidea hartu eta handik Zubietara joko du gero, lekukoa Lasarte-Oriak hartu arte. 

Aipatu moduan, biharamunean, hilaren 24an iritsiko da Korrika 18 helmugara, Baionara, hamar egun lehenago Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu eta Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, 2.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatu eta gero hain zuzen. Ibilbideari lotuta, berrikuntza gisa, aplikazio bat prestatu dute antolatzaileek, udalerri bakoitzean Korrika noiz eta nondik igaroko den ezagutzeko.  "Eman euskara elkarri" lemapean ospatuko da Korrika 18, euskara ikasleak omenduko dira edizio honetan. Korrikari buruzko informazio guztia, korrika.org atarian.