Gazteak gogotsu, "Lekukoaren Bila"

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 18a, 00:00

Korrikaren aldeko ginkana ospatu zen larunbatean Usurbilen. Abiapuntua, Aitzaga ataria izan zen. Ekimena abiatu baino lehen, ondoko argazkia atera genuen. Azkenean, "Lekukoaren bila" izeneko ginkana honetarako sei talde osatu ziren, horietako bat (kamiseta horiekin) usurbildarrez osatua. Gainerakoak lasartearrak ziren. Denetariko frogetan parte hartu behar izan zuten. Ekimena, Kaxko inguruan burutu zen. 

Mus txapelketa, larunbatean
Ginkana ospatu zen herenegun, eta larunbat honetarako, Gipuzkoako Korrika II. Mus Txapelketa Lasarte-Oriako Xirimiri elkartean. Lehiarako izen ematea 15:30etan irekiko dute. Bikote bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu. 16:00etan hasiko da saioa. Korrika Batzordeak antolatu du ekimen hau eta berri eman dutenez, “kanporaketako bi finalistentzat sariak egongo dira eta irabazleek martxoaren 16an arratsaldeko 17:00etan Andoaingo Irunberri elkartean izango den finalerako txartela eskuratuko dute”. 

Korrika 18, mugikorrean
Martxoan ospatuko den 18. Korrikaren inguruko bideo, argazki eta berriak, azken txioak... mugikorrean jasotzeko aukera eskaintzen ari dira. "Instalatu Google Currents eta egin zaitez Korrika 18aren jarraitzaile" dei egin dute Korrika.org web orri bidez. Atari horretan bertan hain zuzen instalatu liteke Google Currents.

Korrika Batzordea, bihar bilduko da
18. Korrikaren harira Usurbilen antolatu asmo diren ekimenei begira, Korrika Batzordea, datorren asteartean, otsailaren 19an bilduko da berriz, iluntzeko 20:00etatik aurrera Etumeta AEK euskaltegian. 

Martxoaren 23an helduko da Korrika 18
Gogoan izan, martxoaren 14tik 24ra ospatuko den 18. Korrika Usurbildik, hilaren 23an, larunbatarekin pasako da. Aspaldiko partez arratsaldez gainera. Antolatzaileek iragarri dutenez, Orio aldetik etorriko dira lasterkariak. 18. Korrikak 15:50 aldera zapalduko du Aginaga. Euskararen aldeko lasterketa 16:33 inguruan iristekoa da Usurbila. Kaxkotik Santuenearako bidea hartu eta handik Zubietara joko du gero, lekukoa Lasarte-Oriak hartu arte. 

Aipatu moduan, biharamunean, hilaren 24an iritsiko da Korrika 18 helmugara, Baionara, hamar egun lehenago Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu eta Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, 2.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatu eta gero hain zuzen. Ibilbideari lotuta, berrikuntza gisa, aplikazio bat prestatu dute antolatzaileek, udalerri bakoitzean Korrika noiz eta nondik igaroko den ezagutzeko.  "Eman euskara elkarri" lemapean ospatuko da Korrika 18, euskara ikasleak omenduko dira edizio honetan. Korrikari buruzko informazio guztia, korrika.org atarian.