Usurbilgo Ezker Abertzaleak autobusa antolatu du, larunbat honetan Sortuk burutuko duen eratze kongresu amaierako ekitaldira joateko. Hitzordua, Iruñeako Anaitasunan deitu dute, arratsaldeko 17:30etan. Nafarroako hiriburura joateko autobusa, 15:30etan abiatuko da Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik. Izen emateko aukera izango da, gaur arratsaldetik aurrera. Autobusean apuntatzeko zerrendak Aitzaga Elkartean eta tabernan, Txiribogan eta Bordatxon jarriko dituzte. "Animatu zaitezte!", luzatu dute gonbita Usurbilgo Ezker Abertzaletik.
Sortu eratzeko kongresua ostiralean eta larunbat goizean ospatuko da, Iruñeako Baluarten, eta aipatu moduan, hilaren 23ko ekitaldi nazionala 17:30etatik aurrera Anaitasunan.
Sortuko barne hauteskundeetako emaitzak, larunbatean
Ostiral iluntzerako Potxoenean deitua zegoen batzarrean, Sortuko egitura nortzuk osatuko duten hautatzeko barne hauteskundeak burutu ziren. Kontseilu Nazionaleko, Gipuzkoako, eskualdeko eta Usurbilgo taldeak osatzeko kideak nortzuk osatuko zituzten erabaki zuten. Usurbilen bezala, Euskal Herriko 250 herri eta auzoetan burutu dira batzarrak egunotan. Barne hauteskunde hauen emaitzak, larunbatean, hilaren 23an emango dituzte ezagutzera eta bost egun barrurako iragarria dagoen kongresuak berretsi beharko ditu. Orduan aurkeztuko dute, Sorturen Kontseilu Nazionala.