Pello Zubiria: "Euskaraz funtzionatzen zuen mundu oso baten kontrako eraso bat zen"

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 20a, 00:00

Konturatzerako hamarkada bat pasa da, Euskaldunon Egunkaria bidegabeki itxi eta hainbat lagun atxilotu zituztenetik. 2003ko otsailaren 20a zen. Itxieraren ostean, atxilotuek salatutako tratu txarrak, kaleetako elkartasun uholdea, edota Berria proiektua etorri ziren gerora. Aurrerago, zazpi urte itxaron izan behar bazuten ere, Egunkari kasuaren zati baten absoluzioa. Auzi ekonomikoa oraindik zintzilik baitago. Bete berri den hamarkada honetaz solasean aritu da NOAUA! Pello Zubiria aginagarrarekin. 

 

10 urte bete berri dira Egunkaria itxiarazi zutenetik. Urteurrenak eragiten dizu?
Pello Zubiria. Orain ez gehiegi. Ekitaldiak eta badira. Torturaren aurkako egunaren inguruan izaten da. Otsaila gainera oso hilabete iluna izan da beti Euskal Herrian. Egun hauetan Joxe Arregirenaz gain, otsailean gauza asko gertatu dira. Kartzelatik atera berritan izan nuen beheraldi, estuasun gehiago. Baina hori nahikoa gainditua dudalakoan nago. 

Nola gogoratu beharko genuke Egunkariaren itxiera?
Pello Zubiria. Euskaraz funtzionatzen zuen mundu oso baten kontrako eraso bat zen. Asko gogoratzen gara Eginen itxierarekin, Joxemi Zumalabe fundazioarekin, 18/98. AEKren kontrako erasoa ere izugarria izan zen eta hori ere gertutik bizitzea tokatu zitzaigun. Bestalde, ETA edo ezker abertzalearen inguruaren ideia horrek kalte handia egin du, baina ez da duela hamar urteko kontua. Egunkaria sortu zenetik eta aurretik ere teoria hark funtzionatzen zion estatuari eta hemengo jende bati baita. Hori oso kaltegarria izan da. Eta torturarena, frustrazio handi bat. Seme-alabak edo ilobak egoera berean ikusi ditugu, zerbait oso gaizki egin dugu gure belaunaldian. Amestu dugu soberania edo independentziarekin, baina gaitasunik ez dugu izan Europan normala den zerbait lortzeko; poliziak jendea normal tratatzea. Alde horretatik niretzat frustrazio handia izan da hori. Eta gero inpotentzia hori, torturak salatu edo ez, ez dela ezer gertatzen. Martxelok zioen moduan, oso merke ateratzen da. 

Nola oroitzen duzu 2003ko otsailaren 20 hura?
Pello Zubiria. Oroitzapen asko ez ditut eta gainera oso nahastuak. Etxean sartu ziren. Hortik hasten den guztia gero; atxilotzea, inkomunikazioa, Argiatik ere pasatzea. Pentsatzen duzu Argia ere itxiko dutela, ez baitakizu nondik doan kontua. Orduan bajan nengoen artritis gogor batekin, eta bospasei orduko bidaia Madrilera makurtuta. Hori da hasiera. Hori kontatzen diozu Europako jendeari eta hori haientzat tortura da. Madrilera iristen zara, benda bat jartzen dizute begietan. Hor oroitzapen nahasiak ditut. Edukitzen naute egun eta erdiz Guardia Zibilaren eskuetan. Besteak baino denbora gutxiago izan ninduten. Egun eta erdi horretan eta gero zer gertatu den inork ez du esplikatu eta inork ez du galdetu. Jende gutxik daki, familiak uste zuela Gregorio Marañon ospitalean nengoela. Gerora jakin du sendiak, egun eta erdian hirutan atera nindutela handik. 

Ospitale horretako guardian zegoen medikuak egindako gauzak. Argi utzi zuen, oso estresatua eta antsietate krisiarekin nengoela. Epaileari esan zion ez nengoela interrogatua izateko baldintzetan, baina erabakia epaileak hartu behar duela. Bigarren aldiz bidaltzen nautenean, ni ez naiz gogoratzen sartu eta atera nola egiten nauten, medikuak esaten die, “eramaten duzue baina zuen ardurapean”. Hirugarren aldian jada ez du onartzen. Pentsa mediku hark zer ikusi zuen ez onartzeko ospitaletik ateratzea. Bestalde, espetxean egonda estu eta larri, adineko pertsona bat entzun nuen arnas-estuka. Gero jakin nuen, Luis Goia zela. Bihotzekoak jota hil zen. Entzun nuen Inma Gomila tanpax bat eskatzen. Obarioetako minbiziarekin hil zen. Entzuten dudan hirugarren pertsona Iñaki Uria izan zen. Isolatua nengoen, oihu asko entzuten nituen. Baina ez dakizu beldurtzeko grabazio bat ote den, egia den. Baina gero entzuten duzu norbait daramala. Ospitalean azaltzen naiz, epaileak bisitatzen nau, baina esaten dit ez didala deklarazioa hartuko. Nik deklaratu nahi dudala esaten diot, ez dudala guardia zibiletara bueltatu nahi. Berak ezetz. Nik oraindik ez nekien beste inor zegoenik atxilotua, zer gertatzen ari zen. Guardia zibiletara bueltatuko nautela esaten didatenean, hor zerbait gertatzen da eta ni ez naiz oso ondo gogoratzen. Esaten dutenez, neure burua urkatzen saiatu nintzen toalla batekin.

 

Elkarrizketa osoa aste honetako NOAUA! aldizkarian. Hauxe esteka: NOAUA! 521 zenbakia.