"Ciutat de Barcelona" izeneko judoko txapelketa ospatu zen joan den asteburuan, eta parte hartzaileen artean zen Euskal Selekzioa bederatzi kirolarirekin, horietatik sei Usurbil Judo Klubekoak, blog bidez berri eman dutenez. Eskozia, Inglaterra, Italia, Frantzia eta Andorrak ere parte hartu zuten besteak beste. Usurbildik Bartzelonara joan ziren judo klubeko kideak, Andoni Aizpurua (-60 kg), Alain Roman (-66 kg), Egoitz Mora (-100 kg ), Aiora Arrillaga (-48 kg), Andrea Arruabarrena (-63 kg) eta Nerea Arruti (-70 kg) izan ziren. Haietatik lau, lehen hiru postuetan sailkatu ziren: Andoni Aizpuruak eta Egoitz Morak brontzezko domina bana irabazi baitzuten, zilarrezkoa Nerea Arrutik eta urrezkoa Aiora Arrillagak. Euskal Selekzioak eskuratutako bost dominetatik lau Usurbil Judo Klubeko kideenak dira. Bosgarrena, San Ignacio taldeko Nekane Granadosena, brontzezkoa lortu baitzuen.
Irudia eta iturria: jcusurbil.com