Auzi ekonomikoa zintzilik oraindik

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 20a, 00:00

Duela hamar urte itxi zuten Euskaldunon Egunkaria eta hainbat lagun atxilotu. 2010ean heldu zitzaien absoluzioa. Baina oraindik zintzilik dago, egunkaria itxi eta hilabete batzuetara, urte hartako urriaren 16an Auzitegi Nazionaletik burutu zen bigarren polizia operazioari loturiko auzia, auzi ekonomikoa deitu izan dena. Bertan auziperatuak daude zortzi lagun, horien artean herritar bat, Joan Mari Torrealdai. Eta harekin batera, beste zazpi lagun; Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Auzia Madrildik Gipuzkoako Probintzia Auzitegira pasa ostean, Donostian epaitzeke dituzte zortziak. 

Guztira, 128 urteko espetxe zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatzen dute eurentzat:
-Joan Mari Torrealdai: 18 urte, 31 milioi euro.
-Ainhoa Albisu: 18 urte, 31 milioi euro.
-Iñaki Uria: 18 urte, 31 milioi euro.
-Txema Auzmendi: 18 urte, 31 milioi euro.
-Joxemari Sors: 18 urte, 31 milioi euro.
-Mikel Sorozabal: 13 urtetik gora, 25 milioi euro.
-Fernando Furundarena: 13 urtetik gora, 21 milioi euro.
-Begoña Zubeltzu: 9 urtetik gora, 20 milioi euro.

Pozik baina erne egoteko eskaera 
"Absoluzioa gurea da, garaipena Euskal Herriarena, poza denona" hitz hauekin laburbildu zuten Martxelo Otamendik, Joan Mari Torrealdaik, Xabier Oleagak, Iñaki Uriak eta Txema Auzmendik 2010eko apirilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu izana. Martin Ugalde Kultur Parkean egindako agerraldian, pozik eta esker oneko agertu ziren, ordura arte jasotako babesagatik. Guztien izenean, Torrealdaik zioenez, "pozik gaude. Pozik daude gure etxeetan, gure familiak. Zama handia geneukan gainean eta arindu egin da", zioen. Nahiz gaineratzen zuenez, kaltea egina dagoen, "atzerabiderik gabe". Eta erne egoteko eskatzen zuten, auzi ekonomikoa oraindik zintzilik zegoela gogorarazten baitzuten.

Poztasunarekin batera, epaiak suposatzen duen garaipena ere ahotan hartu zuten auzipetu ohiek, Auzitegi Nazionalean nahi zuten epai zigortzailea ez dutelako lortu eta Egunkaria birrindu zutela gogorarazi arren, "lehenengoaren errautsetatik Berria sortu zen. Hura bai sekulako garaipena". 

NOAUA!ri eginiko adierazpenetan, Torrealdaik gogoan izan zituen usurbildarrak ere. "Ezin dut ahaztu Usurbilgo herriak hasieratik izan zuen jarrera, zer berotasunarekin hartu ninduten kartzelatik bueltan, eta gerora ere. Alde horretatik gure poza, gu boston esker on bihurtzea nahi genuke, Usurbilgo herriarentzat eta usurbildar guztientzat", adierazi zuen Torrealdaik. 

Otsailaren 22 honetako NOAUA!rako eskaini duen elkarrizketan, Pello Zubiria aginagarrak ere beste hainbeste, sendiaren izenean urteotan jasotako laguntza eta babesagatik esker ona adierazi du.