"Noizko erreparazioa? Egunkaria itxita dago"

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 20a, 00:00

Euskaldunon Egunkaria itxi zutela hamar urte bete diren otsailaren 20 honetan, ekitaldia burutu dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hainbat eragile politiko eta sozialetako ordezkariak, erakundeetakoak edota "Egunkaria aurrera" zioten kamiseta urdin ezagunekin agertu dira baita, Egunkariako langile ohiak.

Duela hamarkada bat gertatuakoa oroitzeko aukera izan da ekitaldian zehar. Joan Mari Torrealdaik gogorarazi duenez, "behar zaituztegu oraindik, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte "Egunkaria"ren auziari odola baitario". Ekitaldian ziren hain zuzen, auzi ekonomikoan auziperatuak dauden lagunak. Egunkariaren itxiera oraindik ezin dela bukatutzat eman adierazi dute, ahalik eta "auzi ekonomikoa itxi arte". Orain artekoari dagokionez, eta 2010ean Egunkariaren auzi nagusiko absoluzioa iritsi ostean, honakoa galdetzen zuen Torrealdaik, gaur eguerdian Andoainen burutu duten ekitaldian: "Nork ordainduko du sortutako kaltea? Noizko erreparazioa? "Egunkaria" itxita dago". Eurak kalean daudela, baina Egunkaria ezetz gaineratu du. Gogoan izan dituzte ekitaldian zehar, euren alde eta Egunkariaren alde egin duten guztiak.