Euskaraz bizitzea sustatzeko, bilera otsailaren 27an

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 21a, 00:00

2000. urteko otsailaren 21ean UNESCOk hala izendatu ostean, Ama-Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dugu gaur. Urtero, erakunde honek bertako kide diren herrialdeei hizkuntza aniztasunaren, hizkuntza gutxituen eta irakaskuntza eleanitzaren aldeko gomendio zehatzak egiten dizkie. 

Egun ezin egokiagoa, euskararen aldeko defentsaz jarduteko. Kezka baitago Usurbilen. Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaren arabera, euskararen ezagutza gorantz doa udalerri honetan, baina ez hainbeste erabilera. Kalean, parkean, euskara baino erdara sarriago entzuten dela diotenen kezka areagotu da azken aldian, eta horrek bilera baterako hitzordua jartzea ekarri du. 

Zer egin aztertzeko
Euskaraz bizi nahi duen herritar orori zuzendua egongo den bilera deitu dute otsailaren 27rako hain zuzen, 18:30etan Potxoenean. Datorren asteko hitzordua, joan den urtarrilaren 16an burutu zen Kultura Aholku Batzordean planteaturiko kezka baten haritik dator. Usurbilen, hainbat gunetan euskara baino erdara gehiago erabiltzen den inpresiotik hain zuzen. Horregatik, “euskararen erabilera gaitzat hartu eta zer egin zitekeen aztertzeko bilera bat egitekotan geratu ginen”, dio hilaren 27ko ekimeneko deialdiak. Euskara bizitzako alor guztietara eramatea helburu dute. Bilera horretan, gai hauek landuko dituzte:

1-Gaiaren kokapena egitea, azken datuen aipamena eginez.

2-Usurbilen euskaraz bizitzeko ditugun indar gune eta ahultasunak aztertzea.

3-Ahultasun horiei irtenbidea emateko proposamenak egitea.

4-Aurrera begirakoak zehaztea.