Iragarpenek hutsik egiten ez badute, elurra egin dezake asteburuan inguruotan. Hotz handia egitea espero da, nahiz elurte handirik ez den espero, Euskalmet-etik iragartzen ari direnez.
Pixkanaka, gaurtik aurrera okertuz joango da egoera. "Mendebaldetik iritsiko den fronte batek bultzatutako hodeiekin, zerua goibelago agertuko da. Goiz partean, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira, kostaldean saretuago agertuko dira, eta hego ukituko haizea ibiliko denez, euria egiteko arriskua oso txikia da. Arratsalde partean ordea, hodei hauek, trinkotu egingo dira, eta bustitzeko aukera handiagoa izango da. Dena den, euri txikia edo zaparrada txikiak izango dira. Tenperatura pittin bat jaitsiko bada ere, balio atseginetan geldituko dira eguneko beroenak, 12 eta 15 ºC artean", iragarri dute Euskalmet-etik.
Bihar, ostirala, "eguraldi petrala eta tenperaturaren jaitsiera nabarmena. Zaparrada giroan esnatuko da eguna, tarteka mardul botako du, eta ia iluntzera arte bustitik joango da eguna; batez ere Araban eta Nafarroa erdi eta hegoaldean botako du. Egunak aurrera egin ahala, giroa hozten joango da eta tenperatura asko jaitsiko da, gauerako termometroak izotz puntura jaitsi daitezke hainbat zonaldetan. Tenperaturaren jaitsiera honekin, elurra gero eta beherago agertuko da eta gauerako 300-400 m ingurura jaitsiko da, dena den ordurako atertuz joango da".
"Elur malutak itsasertzeraino iritsi daitezke"
Larunbatean, "hotz galanta eta elur-lapatsa maila baxuetan. Termometroak balio oso baxuetan mugituko dira egun guztian, kostaldeko hainbat zonaldetan salbu, gainontzeko zonaldetan izotza botako du eta eguneko beroenak 0-5 ºC artean geldituko dira. Balio hauekin, elurra nonahi bota dezake eta elur malutak itsasertzeraino iritsi daitezke. Dena den, hotza azpimarratu behar da batez ere, prezipitazioak urriak izango baitira; arratsalde partean, trumoi-ekaitza eta txingorra bota ditzake".
Azkenekoz, elurrak iazko otsailaren 2an zuritu zituen bazterrok. Ondokoa, egun hartan ateratako argazkia duzue. Asteburuari begirako eguraldi iragarpenen inguruko informazio eguneratua, euskalmet.net atarian jaso dezakezue.